Politika -
EUSKO LEGEBILTZARRA
Legebiltzarreko Segurtasun buru ohiaren aurkako ikerketa artxibatu dute
Gasteizko epaitegi batek behin-behinean artxibatu egin du Segurtasun buru ohiaren aurka, ustez Legebiltzarreko kreditu txartelak modu okerrean erabiltzeagatik zabaldutako ikerketa.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Legebiltzarreko Segurtasun koordinatzaile ohiaren kontrako zabaldutako ikerketa behin-behinean artxibatzea agindu du Gasteizko epaitegi batek. Legebiltzarreko ibilgailu ofizialei lotutako gastuak ordaintzeko kreditu-txartelen erabileran hainbat irregulartasun egin zituelakoan abiatu zuten ikerketa, hainbat delitu leporatu zakizkiokeela ondorioztatuta: agiriak faltsutzea, diru publikoa bidegabe erabiltzea eta iruzurra egitea.
Ikertua entzun ostean, ordea, auzia artxibatzea erabaki du epaileak, haren testigantza "sinesgarria" eta "arrazoitua" dela iritzita, El Diario Norte agerkari digitalak aurreratu eta Legebiltzarreko iturriek Efe albiste agentziari baieztatu diotenez.
Eva Blanco Legebiltzarreko Mahaiko lehen presidenteordeak hauteman zituen ustezko irregulartasunak 2017ko hainbat fakturatan.
Orduan Legebiltzarreko Mahaiak Segurtasun burua kargugabetu zuen, karguan hamar urte inguru zeramatzan ertzaina. Halaber, auzia Arabako Probintzia Auzitegiko Fiskaltzaren esku utzi zuen.
Fiskaltzak gertakariak ikertu zituen eta Segurtasun koordinatzaile ohiari hainbat delitu leporatu zakizkiokeela ondorioztatu zuen, tartean, agiriak faltsutzea, diru publikoa bidegabe erabiltzea eta iruzurra egitea. Gauzak horrela, kasua Gasteizko Instrukziozko 3. epaitegiari jakinarazi zion.
Hala eta guztiz ere, epaitegi horrek auzia behin-behinean artxibatzea erabaki du.
Legebiltzarreko Mahaia akusazio partikular gisa aurkeztu zen Gasteizko Ganberako Segurtasun koordinatzaile ohiaren kontrako auzian eta gaurko bileran erabakiko du Mahaiak erabakiaren kontrako helegitea aurkeztu ala ez.