Politika -
ETAko presoen defentsa
Bilbon astelehenean elkarretaratzea egiteko deia egin dute 11/13 sumarioko auzipetuek
Guztira, 47 lagun dira, eta irailean epaituko dituzte Auzitegi Nazionalean; haien iritziz, epaiketa hau "erabateko zentzugabekeria da, euskal gizartearen gehiengoarentzat".
Agentziak | Erredakzioa
11/13 sumarioan auzipetuta dauden 47 lagunek elkarretaratzea deitu dute hilaren 19rako, alegia, datorren astelehenerako, Bilbon, xede izanik epaiketa hori salatzea; izan ere, haien iritziz, prozedura hori "erabateko zentzugabekeria da, euskal gizartearen gehiengoarentzat". Irailean epaituko dituzte, Auzitegi Nazionalean.
Bilbon egindako prentsaurrekoan, auzipetuetako bi ordezkarik, Ibon Meñikak eta Oscar Sanchezek, nabarmendu dute Aste Nagusia beti izan dela "aldarrikapen-eremua", eta, hortaz, elkarretaratzean parte hartzeko deia egin dute. Aste Nagusiko astelehenean egingo dute, 19:30ean, Bilboko Udaletxearen aurrean. Salatuko dute 11/13 "makroepaiketa"; 47 lagun epaituko dituzte bertan (11 bilbotar), eta, horien esanetan, "euskal presoen alde egindako lanaren aurkako epaiketa da; lan horren oinarria bakea eraikitzea eta elkarbizitza izan da".
Fiskalak 601 urteko kartzela-zigorra eskatu du
Salatu dutenez, "bidegabekeria" da, batez ere kontuan izanik fiskalak 601 urteko kartzela-zigorra eskatu duela 47 auzipetuentzat; egotzitako delituak dira erakunde terroristan aktiboki parte hartzea eta terrorismoarekin kolaboratzea eta hori finantzatzea.
Epaiketa irailaren 16an hasiko da Madrilen, eta auzipetuek adierazi dute "erabateko zentzugabekeria" dela "euskal gizartearen gehiengoarentzat"; esan ere esan dute "irtenbideetarako eta eskubideetarako garaia" dela: "Preso eta erbesteratuta dauden pertsonentzako irtenbidea topatzeko komuneko agendak zehazteko ordua da, bai eta sufrimendu-mota guztiekin amaitzekoa ere, eta guztiontzako etorkizun hobea eraikitzekoa", nabarmendu dute.
Gainera, gonbidapena egin diete hiritarrei bat egiteko Jon Maia bertsolariak egindako adierazpenarekin, "11/13 sumarioaren aurka, elkarbizitzaren eta bakearen alde, eta Bilbon irailaren 14an egingo den manifestazioan parte hartzeko deia eginez". Testuak, esan dutenez, 11.000 atxikimendu baino gehiago bereganatu ditu, "gizartearen arlo guztietatik".