Politika -
Andre Maria Zuriaren jaiak
Gasteizko Udal Gobernuak presoen inguruko kartel bat kenduko du jai-eremutik
Covitek egindako salaketa publikoari erantzunez, kartela "ahalik eta lasterren" kenduko duela esan du Gasteizko Udalak. "Maite zaituztegu", irakur daiteke bertan.
Agentziak | Erredakzioa
Andre Maria Zuriaren jai eremuan agertu den presoen inguruko kartel bat "ahalik eta lasterren" kenduko duela esan du asteazken arratsaldean Gasteizko Udal Gobernuak (EAJ-PSE), eta "liskar gutxien sortu daitezkeen unean" kenduko dutela azpimarratu du.
Testuinguru horretan, Arabako hiriburuan presoen aldeko kartel edo pankarta baten berri duten bakoitzean, "lehenbailehen eta ahalik eta liskar gutxienak sortuz" kentzen saiatzen direla jakinarazi du Gasteizko Udalak.
Covitek eskatu du kartela kentzeko
Udal Gobernuak horrela erantzun dio goizean Covite Terrorismoaren Biktimen Elkarteak egindako salaketa publikoari. Izan ere, jai-eremuan, ETAko 18 presoren argazkiak dituen pankarta bat jarri dutela salatu du. "Maite zaituztegu" irakur daiteke bertan. Hori dela eta, kartela lehenbailehen kentzeko eskatu dio Gorka Urtaran (EAJ) Gasteizko alkateari.
Covitek gogorarazi duenez, Urtaran "oso kritiko" agertu da ETAko presoei euskal udalerri batzuetan antolatu zaizkien omenaldiekin, biktimen memoria "lausotu" egiten dela iritzita, eta kartel hori erakunde terroristaren biktimei egindako “mespretxu bat” ez ote den galdetu dio elkarteak Urtarani.
Halaber, "ETAk Euskal Herriko eta Nafarroako esparru publikoetatik desagertu behar du", adierazi du Covitek. "Zer gertatuko litzateke indarkeria matxistagatik zigortutako 18 presoren argazkiak kalean erakutsiko balira?", galdetu du.