Politika -
Auzitegi Nazionala
Portuk eta Sarasolak polizia itxura egin zuten karabana bat lapurtzeko
2007an karabana lapurtzeko hiru egunez atxikita izan zuten bikoteak deklaratu du gaur Igor Portu eta Mattin Sarasolaren aurkako epaiketan. Bi ETAko kideek uko egin diote deklaratzeari.
Erredakzioa
Igor Portu eta Mattin Sarasola ETAko kideek Gendarmeak balira bezlaa jokatu zuten 2007an bikote bat eta lau urteko semea abordatzeko Frantziako Messanges herrian. Hiru egunez atxikita izan zituzten hirurak eta karabana lapurtu zieten, ondoren ETAko beste kide batzuek lehergailuz bete eta Coves de Vinromeko (Castello) ordainleku batean uzteko.
Horrela esan dute bi lekukoek gaur Auzitegi Nazionalean "Elurra" komandoko bi kideen aurka gertaera horiengatik egin duten epaiketan. Fiskalak 67 urteko kartzela zigorra eskatzen du bientzat, helburua Espainiako Levanten "ekintza terrorista bat egitea" zela argudiatuta.
ETAko bi kideek uko egin diote deklaratzeari "auzitegiaren autoridadea" ez dutela onartzen azalduta. Portu eta Sarasola iazko maiatzean 1.040 urteko kartzela zigorrera kondenatu zituzte Barajasko aireportuko T-4ko atentatua zela eta; bertan bi lagun hil ziren.
Familiaren deklarazioa
Bi biktimek auzitegian deklaratu dutenez, 2007ko abuztuaren 24ean goizeko zazpietan, ezezagunek karabanako atea jo zieten eta frantsesez hitz eginez poliziaren plaka bat erakutsi zieten. Handik aparkaleku bakarti batera eraman omen zituzten. Han ETAko kideak zirela esan eta ezer ez gertatzeko "ixilik" egoteko eskatu zietela esan dute.
Gaur Auzitegi Nazionalean azaldu dutenez gainera, berehala eskuak lotu eta begiak estali zizkieten eta pare bat orduz ibilgailua ETAko kideek gidatu zuten. Gurs herriko logela batera eraman zituzten bikotea eta lau urteko semea eta han itxita utzi; bi helduak ohe bateko somierrari lotuta. Abuztuaren 26an askatuko zituztela iragarri zieten, baina azkenean, abuztuaren 27an inguruko pagadi bateara eraman eta han utzi zituzten aske.
Kalteak karabanan
Karabanak 500 edo 1.000 kilo amonalez eta pentritaz bete zuten eta Coves de Vinromeko (Castelló) ordainsari batean utzi zuten. Poliziak abuztuaren 26an leherrarazi zuen. Epaiketako asteleheneko saioan Guardia Zibil batek ere deklaratu du, kasu honetan bideokonferentzia bitartez, eta leherketak "krater izugarria" sortu zuela esan du.
Igor Portuk eta Mattin Sarasolak hiru akusazio dituzte beren gain; jendea legez kanpo atxikita edukitzea, kalte terroristak eta lehergaiak edukitzea eta lapurreta. ETAko bi kideen defentsa abokatuak esan du Frantzian gertaera beragatik prozesatuta daudela baita ere.
Rosa Ana Lledó fiskalak idatzi dituen behin behineko ondorioetan zehaztu du esperientzia horrek bikoteari trauma osteko estres egoera sortu ziola. Egindakoagatik 40.000 euroko kalte-ordaina eskatu du bakoitzarentzat, eta 20.000 euro gehiago semearen kasuan.