Politika -
Galdeketaren emaitzak
Chiviteren inbestiduran zer egingo duen asteazken honetan iragarriko du EH Bilduk
Ez dute parte-hartzearen daturik eman, baina militanteen joan-etorria etengabea izan da egunean zehar. 1.700 bat pertsonak bi aukeren artean erabaki dute: abstentzioa edo kontrako botoa.
Agentziak | Erredakzioa
EH Bilduren militantzia botoa ematera deitu dute astearteko 21:00ak arte. Koalizioak galdeketa loteslea antolatu du, Maria Chivite sozialistaren inbestiduran aurkako botoa eman edo abstenitzea erabakitzeko. Parte-hartze handia izan dela ematen du, ETBk aurreratu duenez.
Chiviteren inbestidurak aurrera egiteko, beharrezkoa da EH Bilduren abstentzioa; izan ere, PSNk, Geroa Baik, Podemosek eta Ezkerrak ez dute gehiengorik. Ganberako 50 parlamentarietako 23ren babesa dute.
Abstentzioa proposatu dio Nafarroako Mahai Politikoak militantziari, baina azken hitza militanteek izango dute, kontsulta loteslearen bidez. Inbestidura saioa ostegunean eta ostiralean izango da, Nafarroako Parlamentuan.
Hain zuzen, galdera honi erantzun behar zioten militanteek: "Zure ustez zein izan beharko litzateke EH Bilduren posizioa Maria Chiviteren hautagaitzaren aurrean Nafarroako lehendakaria izateko inbestidura saioan, PSN, GB eta Podemosen arteko koalizio Gobernu baten osaketa planteatzen duelarik (IUren babesa lukeena)?".
Bi erantzun zeuden aukeran: abstentzioa (beharrezkoak liratekeen abstentzioak) edo ezezkoa. Asteazken honetan 10:00ak aldera emango dute kontsultaren emaitzaren berri.
EH Bilduk sare sozialen bidez jakitera eman zuenez, militanteek telematikoki botoa emateko aukera izan dute elkarrekin.ehbildu.eus aplikazioaren bidez, astearte gauerditik 21:00ak arte.
Era berean, botoa modu presentzialean emateko aukera izan dute, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara, Iruñea, Lizarra eta Tuterako EH Bilduren egoitzetan, Agoizko udaletxean, Etxarriko kultur etxean, Tafallako Alkartetxean, Leitzako Aurrera Elkartearen egoitzan eta Doneztebeko Azkarreta lokalean.
Ez dute parte-hartzearen daturik eman, baina militanteen joan-etorria etengabea izan da egunean zehar. 1.700 bat pertsonak bi aukeren artean aukeratu eta erabaki dute.
"Eskuina geldiaraztea" militante askoren asmoa da, baina EH Bilduri egindako "mespretxua" ere ez dute ahaztu koalizioko oinarriek.
Koalizio gobernu baterako akordioa babestu dute Podemoseko militanteek
Bestalde, Nafarroan PSNrekin eta Geroa Bairekin batera koalizio gobernu batean integratzeko akordioa babestu dute Podemoseko militanteek, zuzendaritzak deitutako galdeketan.
Gobernuan sartu eta Maria Chivite hautagai sozialistaren inbestidura babestearen aldeko botoa eman dute 597 militantek (% 79,39). 116, aldiz, Gobernuan sartu barik inbestidura babestearen alde agertu dira, eta 39 (% 5,19) abstenitu egin dira. Parte-hartzea % 65,18koa izan da, koalizio moreak jakitera eman duenez.