Politika -
Nafarroa
1978ko sanferminetako biktimen omenezko plakaren lapurreta salatu dute
Salazarren eskultura eta lapurtutako plaka herritarrek ordaindu zituzten eta babestutako elementuak dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
'Sanfermines 78 Gogoan' herri ekimenak 78ko zaurituen eta German Rodriguezen omenezko plakaren lapurreta salatu du. Sinbolikoki, plaka ordezkatu dute eta errudunak zigortzea eskatu dute legeak babestutako elementu bat erasotzeagatik.
Plaka Dora Salazarren eskulturaren oinetan zegoen kokatuta, Karlos III eta Orreaga kaleen elkargunean. Hartan "1978ko sanferminetako eraso polizialaren biktimen oroimenean" irakurri zitekeen.
Salazarren eskultura eta lapurtutako plaka herritarrek ordaindu zituzten eta babestutako elementuak dira, lege foralak dakarren "Nafarroako Memoria Historikoan" jasota baitaude.
Horrenbestez, Ramon Contreras 'Sanfermines 78 Gogoan' ekimeneko bozeramaileak azpimarratu duenez, legezko babes horrek "ikerketa egin behar dela eta errudunak legearen arabera zigortu behar direla esan nahi du, eta, batez ere, taxuzko plaka bat jarri behar da".
Plakaren lapurreta "ustekabekoa" izatea ere ukatu du Contrerasek: "Aurretik pentsatutako ekintza da, 1979tik Germanen estelak jasaten dituen erasoei gehitzen zaiena. Herri oso baten memoria demokratikoaren aurkako erasoa da".
Nafarroako Gobernuak "erasoa" gaitzetsi du ohar batean, Nafarroako Memoria Historikoko elementu baten aurkako "eraso bandalikoa".