Politika -
Abuztuak 1, 4 eta 10
Hondartzetan eta Loiolako Santutegian elkarretaratzeak egingo ditu Etxeratek
Presoen senideen elkarteak espetxe politikaren kontrako aldarrikapenak eramango ditu hondartzetara abuztuaren 4an eta 10ean, eta Loiolako Santutegian egongo da abuztuaren 1ean.
Agentziak | Erredakzioa
Etxeratek elkarretaratzeak egingo ditu hondartzetan, abuztuaren 4an, "salbuespenezko espetxe politikaren bukaera" eskatzeko.
Donostian egindako prentsaurrekoan, Patricia Velez eta Urtzi Errazkin bozeramaileak mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute, "euskal preso eta iheslari politikoak bizirik eta etxean behar ditugulako".
Nabarmendu dutenez, "euskal gizartearen gehiengoak konponbidea eta bakea eskatzen dituzte", baita "elkarbizitzaren aldeko urratsak ematea" ere, eta "ehunka familiak, milaka pertsonak" presoen "sakabanaketaren ondorioak, hau da, sufrimendua eta mina, sufritzen jarraitzea oso larria da".
Zentzu horretan, aurten "euskal preso politikoen 13 familiar eta gertuko tartean izandako sei istripu" gertatu dira, "eta tartean 23 hilabeteko haur bat egon da". Gainera, azpimarratu dutenez, "sakabanaketa eta urruntzea indarrean egon diren 30 urteetan 344 trafiko istripu izan dira joaneko edo itzuliko bidaian, 16 hildako eta 395 euskal preso politikoren 937 familiar edo gertuko kaltetuta edo zaurituta" utziz.
Irailaren 16an hasiko den 11/13 auziko epaiketa ere aipatu dute. 47 euskal herritar epaituko dituzte, tartean presoen bi familiar, "Etxerateko bozeramaileak izateagatik".
Velezek eta Errazkinek "elkartasuna eta baldintzarik gabeko babesa" helarazi die 47 epaituei, eta Etxeraten konpromisoa azpimarratu dute "lan egiten jarraitzeko eta hori egiteko gure eskubidea defendatzeko, bakeari eta elkarbizitzari gure ekarpena egiteko, konponbideari eta etorkizunari begira". "Gertatu dena ez dadila inoiz berriro gertatu", esan dute.
Loiolako eta hondartzetako elkarretaratzeen ordutegiak
Abuztuaren 1ean Azpeitiko Loiolako Santutegian (Gipuzkoa) elkarretaratzea egingo du Etxeratek, 10:30etatik aurrera, "publikoki espetxe politikaren amaiera eskatzeko eta lehendakariari horri buruzko dokumentu bat emateko".
Bizkaian, honakoak izango dira hondartzetako elkarretaratzeen ordutegiak: La Arena, Laida, Laga, Lekeitio eta Ondarroan, eguerdian; Bakion, 12:30etan, Laidatxu eta Ean, 13:00etan, eta Plentzian, abuztuaren 10ean, eguerdian.
Gipuzkoan, hurrengoak dira ordutegiak: Deba, Zarautz, Orio eta Donostian, eguerdian, eta Mutrikun, 12:30etan.
Lapurdin, Hendaian egingo dute elkarretaratzea, eguerdian.