Politika -

Maiatzeko hauteskundeak

Zapateroren hitzetan, 'inork ez ditu erakundeak erabiliko'

Bestalde, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Iñaki Agirrezabalaga Bilduko hautagaiak "gaitzetsi" egin ditu "herrialde honetan izan diren indarkeria guztiak, ETArena barne".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak "arduraz jokatzeko" eskatu du Auzitegi Konstituzionalak Bilduren parte hartzearen inguruan emandako epaia deslegitimatu ez dadin.

Exekutiboko buruak azpimarratu du "Bildurekin edo Bildu gabe Gobernuak ez dio inori indarkeriaren alde egiteko erakundeak erabiltzen utziko".

Diputatuen Kongresuko Osoko Bilkuran Carlos Salvador UPNko ordezkariak egindako galdera bati emandako erantzuna izan da. Salvadorrek Bilduren parte hartzea albiste ona dela ote deritzon galdetu dio Zapaterori.

Zapaterok "errespetua" eskatu du bai Auzitegi Gorenaren eta Konstituzionalaren epaien inguruan. Bere ustez "epaiaren kontra" egon daiteke bat, "kritikatu" daiteke, baina "ez da batere egokia" epaia deslegitimatzea, "larria" da azpimarratu du.

Dena den, Gobernuak ETAren aurka duen bidea ez dela aldatuko azaldu du Zapaterok. "Bildurekin edo Bildu gabe, Gobernuak ez dio inori indarkeriaren alde egiteko erakundeak erabiltzen utziko. ETA ahulago eta demokrazia indartsuago dagoela frogatuarazi dizkiguten oinarrien eta batasun demokratikoaren alde jarraituko dugu", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea