Politika -

Inbestidura

EH Bilduk uste du Sanchezek 'harrokeria sobera' eta 'ekimen politiko falta' duela

Unidas Podemos kritikatu du, "lehenengoan" utzi dituelako "bazterrean Kataluniako herritarren aldarrikapenak".

Mertxe Aizpurua EH Bilduren diputatua. Argazkia: EiTB
Mertxe Aizpurua EH Bilduren diputatua. Argazkia: EiTB
Mertxe Aizpurua EH Bilduren diputatua. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mertxe Aizpurua EH Bilduren Kongresuko diputatuak uste du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak "harrokeria sobera" eta "arazoei aurre egiteko ekimen politiko gabezia handia" duela. Gainera, Unidas Podemosi leporatu dio "lehenengoan" utzi dituela "bazterrean Kataluniako herritarren aldarrikapenak".

Aizpuruak Onda Vascan egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, EH Bilduk ez dio Pedro Sanchezi "blokeorik" egingo inbestiduran. "Ez dugu blokeatuko eskuindarrak baztertzea eta geldiaraztea ekarriko duen aukera bat, baina Sanchez ez blokeatzea ez da txeke zuria ematea", ohartarazi du.

Gainera, inbestidurak aurrera eginez gero, EH Bilduk eta ERCk, elkarlanean, "botoak euskal eta kataluniar herritarren alde erabiliko" dituztela azpimarratu du.

Azaldu duenez, "Pedro Sanchez ez blokeatzeak esan nahi du eskuindarrak blokeatzea, hau da, guk ez diegu eskuindarrei pasatzen utziko eta, zentzu horretan, arduraz eta herri ikuspegiaz jokatuko dugu". Era berean, EH Bilduren abstentzioa "Sanchezek aurkezten duen programaren mende" egongo dela jakinarazi du.

Aizpuruaren ustez, Sanchezek "egun batean ezkerrera ematen du pausoa, beste batean eskuinera, eta beste batean ez dago jakiterik". "Itxaron egin behar da Sanchezek benetan zer eskaintzen duen ikusteko eta horren arabera erabakiko dugu botoa", berretsi du.

Pedro Sanchezek EH Bildu ez duela kontuan izaten aitortu ostean, Aizpuruak esan du "akats ulertezina" dela hori “ikuspuntu demokratikotik, zeren, azken batean, boto-emaile askoren ordezkariak gara, 300.000renak, eta hori errealitatea ikusi nahi ez izatea da, eta eskuinari eta Ciudadanosi gehiegi begiratzea".

EH Bilduren diputatuarentzat, "argi geratzen ari da Sanchezek ez duela akordioak lortzeko gaitasunik". "Ez dakit DNA espainiarrean sartua daramaten zerbait den, zeren ez dute elkarrizketarako gaitasunik erakusten", kritikatu du.

Unidas Podemosen harira, "penagarri" jo du "lehenengoan kataluniarren eskaera eta aldarrikapenak bazterrean" utzi izana, tartean erreferendumarena, "oinarrizkoa eta demokratikoa" delako "etorkizun hobea ziurtatzeko eta Kataluniako arazoa konpontzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua albisteak Pedro Sánchez albisteak EH Bildu Araba Eguneko albisteak Albisteak