Politika -

KATALUNIA

JxCaten eta ERCren arteko harremana okertu egin da, Bartzelonako Diputazioa tarteko

JxCatek eta PSCk ituna egin dute Bartzelonako Diputazioan eta Nuria Marin sozialista izango da presidente. ERCk adierazi duenez, gertaturikoa mugarri izango da bien arteko harremanetan.

Nuria Marin (PSC) Bartzelonako Diputazioko presidentea, aginte makila eskuan duela. Argazkia: EFE
Nuria Marin (PSC) Bartzelonako Diputazioko presidentea, aginte makila eskuan duela
Nuria Marin (PSC) Bartzelonako Diputazioko presidentea, aginte makila eskuan duela. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bartzelonako Diputazioan JxCatek eta PSC egindako itunari esker, atzo, osteguna, Nuria Marin izendatu zuten presidente. Horrek hautsak harrotu ditu alderdi soberanisten artean. ERCk ohartarazi duenez, gertaturikoa mugarri izango da bien arteko harremanetan.

Nuria Marin PSCko bigarrena eta 2008tik Kataluniako bigarren hiri handieneko (L'Hospitalet de Llobregat) alkate denak aginte makila eskuratu zuen JxCat alderdiaren botoei esker. Inbestidura saioa ohi baino liskartsuagoa izan zen, ANCk deituta, kanpoan hainbat herritarrek egindako protesta tarteko. Bildutakoek PSCrekin egindako ituna hautsi eta ERCren alde egiteko eskatzen zioten JxCati.

Dena dela, ez herritarren presioak eta ezta ERCrekin aurreko orduetan izandako bilerek ere, ez zuten alderdia iritziz aldarazi. Gauzak horrela, iragan ostiralean David Bonhevi PDeCATeko presidenteak eta Salvador Illa PSCko Antolaketa idazkariak sinatutako itunari eutsi zion JxCatek.

Marta Vilalta ERCko bozeramaileak atzo kazetarien aurrean egindako adierazpenetan nabarmendu zuenez, Bartzelonako Diputazioan gertaturikoa mugarri izango da. "Gaur (atzo) oso egun etsigarria da herrialdearentzat, JxCat erratu egin da bere erabakian". Bartzelonako Diputazioaren garrantzia ere azpimarratu zuen, Kataluniako hirugarren erakundea dela gogoraziz.

Halaber, erabakiari buruzko azalpenak ematea eskatu zion JxCati. Izan ere, JxCatek ERCko (Dionis Guiteras) eta PSCko (Nuria Marin) hautagaiaren artean erabaki behar zuen. JxCatek eta PSCk 16na ordezkari dituzte Diputazioan.

Azkenean, ordea, ez zen ezustekorik izan eta Nuria Marin izendatu zuten presidente, gehiengo soilez, bigarren bozketan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia gaur Politika Bartzelona albisteak Alderdi politikoak albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa ERC Junts per Catalunya