Politika -

ELKARRIZKETA

Maya: 'Chivitek azaldu dezala Navarra Sumari jarritako marra gorria zein den'

Iruñeko Udalean legegintzaldiko lehen osoko bilkura egin ondotik, Nafarroako Gobernua osatzeko aukeren inguruan hitz egin du Enrique Maya Iruñeko alkateak.

Enrique Maya Iruñeko alkatea. Artxiboko argazkia: Agentziak
Enrique Maya Iruñeko alkatea
Enrique Maya Iruñeko alkatea. Artxiboko argazkia: Agentziak

RADIO EUSKADI | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Enrique Maya Iruñeko Navarra Sumako (NA+) alkateak ez du ulertzen, bere esanetan, Maria Chivitek (PSN) haren alderdiari ezarri dion "marra gorria", eta azalpenak eskatu dizkio: "ETAren indarkeria ez gaitzesteagatik EH Bilduri marra gorria ezarri badio, azaldu dezala Navarra Sumari jarritako marra gorriak zeri erantzuten dion. Iraina deritzot EH Bildu eta Navarra Suma balantza berean jartzeari". Mayaren hitzetan, Foru Erkidegoko boto-emaile gehienek, laukoak ez bezala, aldaketaren alde bozkatuko dute (Navarra Sumak eta PSNk Nafarroako Parlamentuko eserlekuen % 60 eskuratu dituzte, 50 legebiltzarkideetatik 31). Dena den, Mayak ez du ezer egintzat ematen: "Espainian hauteskundeak errepikatzeak eragina izan dezake Nafarroan".

Iruñeko Udalari dagokionez, Maite Esporrin Iruñeko PSNko buruzagiak Maya ez babesteko erabakia errespetatzen duela adierazi du, ez delako bi aldeen arteko "aurretiazko akordiorik egon" bera alkate izendatzeko.

Atzoko Iruñeko osoko bilkurak soldatak % 4 igotzea onartu zuela eta, erabaki horren alde egin du Mayak. Horren iritziz, lauko gobernuaren aurretik, duela bi legealdi, zeuden soldatak lehengoratu dituzte. 67.000 euro irabaztea ez zaio neurrigabea iruditzen: "Udalen federazioak Iruñeko kasuan 80.000 euroko soldata aipatzen zuen, tamainagatik. Zifra horren azpitik gaude". Gainera, Donostiako edo Gasteizko zinegotzi ordezkari batek baino diru gutxiago irabaziko duela erantsi du.

Bestalde, sanferminetako txupinazoan tamaina handiko pankartak sartzeko debekua hizpide, ez dela ikurrinari jarritako beto bat izan adierazi du, eta Iruñeko Armada etorbideari berriro ere izena lehengoratu izana herritarren gehiengoak ulertzen duela esan du.

Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea Albisteak PSN Nafarroa gaur Enrique Maya Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Iruñeko Udala albisteak Navarra + María Chivite