Politika -
Euskal Soziometroa
Hiritarren % 45ek ez du gertu ikusten ETAren amaiera
Lan merkatuarekin eta ekonomiarekin lotutako gaiak dira kezka gehien eragiten duten arazoak Euskal Soziometroaren arabera.
Erredakzioa
Euskal gizartearen ia erdiak ETAren amaiera ez du hain gertu ikusten, hori dio herri erakundeei lotuta Jaurlaritzak kaleratutako Euskal Soziometroak.
Galdetutako hiritarren % 45ek ETAren amaiera ez dagoela hain gertu erantzun du, % 37k gertu egon daitekeela iritzi dio eta % 18k ez die galdera horri erantzun. Victor Urrutia Euskal Soziometroaren arduradunaren aburuz gizartearen "gehiengo batek ez du ETA laster desagertuko den kofiantzarik".
Hiritarren kezka nagusiak
Hiritarrengan kezka gehien sortzen duten arazoak, berriz, lan merkatuarekin dute zerikusia. Galdetutakoen artean % 79k erantzun du horiek direla arazo nagusiak. Joan den azaroko soziometroarekin alderatuta behera egin duen arlo bakarra da, orduan % 70ek erantzun zuten enplegua zela arazorik handiena.
Ardura gehien eragiten duten zerrendako bigarren postuan ekonomia kontuak daude, Euskadiko egoera politikoaren eta etxebizitzaren aurretik. Azkenik, emakumeen kontrako indarkeria eta drogak kokatu dira.
Erakundeak
Datozen maiatzaren 22ko hauteskundeetara begira herritarrek herri erakundeekiko duten iritzia jaso du Euskal Soziometroak.
Udalek dute herritarren oniritzi handiena, Aldundien zeregina ez dute horren argi ikusten eta ardura politiko gehien duen erakundea, berriz, Eusko Jaurlaritza dela erantzun dute gehienek.