Politika -
Kartzelan idatzitako gutuna
Otegi: 'Herri abertzale eta ezkertiarrak beldur handia eragiten du'
Mila pertsonatik gora Elgoibarreko manifestazioan izan dira 'Euskal Herriak politika egiteko eskubidea' lelopean Otegiren askatasuna eskatzeko.
Erredakzioa
Estatua "urduri" dagoela esan du Arnaldo Otegik eta urduritasun horren arrazoia "herri abertzalearen eta ezkertiarraren sendotasunak eragindako beldurra da, eta ez bakarrik hauteskundeei dagokienez". Adierazpen horiek Logroñoko kartzelan idatzitako gutun batean egin ditu.
''Arnaldo Askatu, Politika Askatu'' plataformako kideek eskutitza irakurri dute Elgoibarren egindako manifestazioaren ondoren. Bertan mila pertsonatik gora bildu dira ''Euskal Herriak politika egiteko eskubidea'' lelopean ezker abertzaleko agintariaren askatsuna eskatzeko.
Protestan izan dira, besteak beste, ezker abertzaleko Tasio Erkizia, Jone Goirizelaia, Karmelo Landa, Rufi Etxeberria eta Txelui Moreno; EAko Pello Urizar eta Rafa Larreina; Alternatibako Oskar Matute eta Aralarreko tokiko ordezkariak.
"Ezker abertzaleari lehergaien eta botoen artean aukeratzeko behin eta berriro eskatu ondoren", orain "ezker abertzalea hauteskundeetan egotea galarazten saiatzen ari dira, eta horretarako ETAk etorkizuenan egingo dituen ustezko ekintzak asmatzen dituzte, taldeak duela hilabete batzuk su-etena iragarri zuen arren", dio Otegik gutunean.