Politika -

BIKTIMEI OMENALDIAK

1976ean ETAk hildako Alfredo Garciaren omenezko plaza jarri dute Donostian

Olegario Garcia, Alfredo Garcia zenaren anaiak Udalari eskatu dio jarrai dezala biktimak hil zituzten tokietan haiek oroitzeko plakak jartzen, "asko baitaude oraindik gabe".

Eneko Goia Donostiako alkatea, Olegario García, Alfredo Garcíaren anaia agurtzen. Argazkia: EFE
Eneko Goia Donostiako alkatea, Olegario García, Alfredo Garcíaren anaia agurtzen.
Eneko Goia Donostiako alkatea, Olegario García, Alfredo Garcíaren anaia agurtzen. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Olegario Garcia, Alfredo Garcia 1976ean ETAk hil zuen bizkartzainaren anaiak eskerrak eman dizkio Donostiako Udalari terrorismoaren biktimak omentzeko abian jarritako ekimenagatik eta biktimak hil zituzten tokietan haien oroimen plakak jartzen jarraitzeko eskatu dio, "asko baitaude oraindik gabe".

Alfredo Garcia Gonzalezen familiak bere senidearen oroimenez jarri den plaka desestali du gaur goizean, Askatasunaren etorbideko 7. zenbakian. Plaka Juan Maria Araluce Gipuzkoako Foru Aldundiko presidente izandakoaren, haren sukaldari Jose Maria Eliceguiren, eta haren bizkartzain Antonio Palomo Perez eta Luis Francisco Sanz Floresen oroimenez jarri zirenen ondoan dago. Izan ere, atentatu berean hil zituen ETAk 1976ko urriaren 24an.

Martxoaren 23an jarri zituzten beste lau plakak. Orduan, Udalak ez zuen lortu Alfredo Garcia Gonzalezen familiarekin harremanetan jartzea. Baina, azken hilabeteotan familia bera Udalarekin kontaktuan jarri da eta hori dela eta, beste omenaldi bat egin zaie gaur goizean, bosgarren plaka hori jarriz. Gaur goizeko ekitaldian izan dira Alfredo Garcia Gonzalezen anaia, koinata eta iloba nahiz Donostiako alkate Eneko Goiaketa Udal korporazioko EAJko, PSEko, PPko eta Irabaziko hainbat kide. EH Bilduko ordezkaririk ez da izan bertan.

Omenaldian izan dira Guillermo Echenique Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako ordezkaria eta Jorge Mota AVTren ordezkaria ere. Txistularien ondoren, lore eskaintza egin dute eta txalo artean amaitu da ekitaldia.

Olegario Garciaren hitzen ondoren, Jorge Mota AVTren ordezkariak esan du lore-eskaintza hau "anonimotasunean zeuden pertsona hauek merezitako omenaldia" dela eta "gizarteak terrorismoaren biktimekin duen zorra kitatzen laguntzen" duela.

Eneko Goia alkateak adierazi du martxoaren 23ko ekitaldiaren ostean "arantza" bat geratu zitzaiola Udalari, bosgarren biktimaren plaka jarri ezin izan zutelako, baina gaurko ekitaldiarekin hori kentzea lortu dutela eta hemendik aurrera "Udalak normaltasunez jarraituko duela pendiente dauden plakak jartzeko lanean".

Udalaren asmoa mota ezberdinetako terrorismoak (ETA, Batallon Vasco Español, GAL) eragindako biktimak zein 1960 eta 2010 artean poliziaren bortizkeriak eragindako biktimak oroitzeko plakak jartzea da; horretarako, biktima bakoitzaren senideekin hitz egin eta bakoitzaren borondatea errespetatuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Politika Donostia Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak Terrorismoaren Biktimak