Politika -

Erreakzioak

Pastor: 'Komunikatua desengainu hutsa da; ez du su-etena baieztatzen'

PPrentzat, berriz, komunikatuak argi uzten du ETA ezker abertzalearen mugimenduen atzean dagoela. Aralarrek eta EBk, bestalde, su-etena baieztatzea faltan bota dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Antonio Pastor PSE-Eeko idazkari nagusiaren ustez, ETAren komunikatua "desengainua izan da" ETAk urtarrilean iragarritako su-etena berretsi ez duelako eta Frantzian gendarmeekin izandako tiroketa aipatu ere ez duelako egiten.

Europa Pressi egindako adierazpenetan, komunikatuak "euskal herritarrengan eta espainiarrengan desengainua eta frustrazioa sortzeaz gain, ezker abertzalearengan ere eragin bera" izan duela azpimarratu du Pastorrek.

Alderdi Popularra

Leopoldo Barreda Euskadiko PPko bozeramailearentzat, ETAk "argi" utzi du Batasunaren mugimeduen atzean dagoela. Hori dela eta, "hauteskundeetan egoteko duten asmoa bertan behera utzi behar dugu", berdin dio "A, B edo C planen mozorropean egiten duten, Bildu barne".

Gainera, ETAk iraganari "begi-keinua" egin diola esan du Barredak, izan ere, Jose Luis Zapatero presidentearen esaldi bat hitzez hitz errepikatu dute; "bide luze eta zaila" izango dela esatean.

Aralar

Patxi Zabaleta NaBaiko hautagaiaren ustez, "garrantzitsuena komunikatu horretan agertzen ez dena da", ez baitu indarkeriaren "aldebakarreko, behin betiko eta kontrolpeko amaieraren inguruan ezer esaten".

Aralarreko koordinatzailearentzat ETAk ez die Gernikako Akordioan aipatutakoei erantzunik ematen, " ez du ezer argi esaten", gaineratu du.

Ezker Batua

Mikel Arana Ezker Batua-Berdeakeko koordinatzaile nagusiaren ustez, komunikatua "fantasia politikoa" baino ez da.

Aranaren esanetan, ETAk mespretxu egiten die orokorrean euskal herritarrei eta ezker abertzaleari bereziki "bizkarra eman baitio su-etena baieztatzeko eskatu dionean".

Alternatiba

Oskar Matuterentzat, berriz, komunikatu horretan "ez dago iragarritako su-etenaren kontra doan ezer, eta ez dio egungo egoerari oztoporik jartzen". Dena den, "Gernikako Akordioak ETAri eskatutakoa" berretsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea