Politika -
SALAKETA
Azkoitiko EH Bilduko zinegotzi batek mehatxu 'faxista homofoboa' jaso izana salatu du
Iraitz Otaño hautetsiak joan den ostegunean, maiatzak 23, jaso zuen gaztelaniaz idatzitako mezua bere etxeko buzoian eta salaketa jarri zuen Ertzaintzan.
EITB.EUS
Iñaki Otaño Azkoitiko EH Bilduko zinegotziak mehatxu "faxista eta homofoboa" jaso izana salatu du eta Ertzaintzan salaketa jarri duela jakinarazi du.Bere twitter kontuan ezagutzera eman duenez, joan den ostegunean, hilaren 23an, jaso zuen mezua etxeko buzoian. Sinadurarik gabe zihoan, baina argi eta garbi ohartarazten zioten "oso pozik zabiltzate egunotan, baina irribarre hori joan egingo zaizue. (...) Gero eta gehiago gara, eta zuen irribarre marikoi eta batasunoa kenduko dizuegu (...) badakigu non bizi zaretan (...)".
Mezuaren aurrean hasieran ez zuela ezer egitea pentsatu jakinarazi du, baina lagunek animatuta salaketa jarri duela jakinarazi du: "Duela bi egun EH Bilduko kide izateagatik mezu faxista homofobo hau jaso nuen. Ez neukan asmorik inora zabaltzeko, baina gertuko lagunek animatuta hemen doa, ezin naizelako ixildu. Dagokion salaketa jarrita dago eta EHtik ez dira pasako!" idatzi du.
Ertzaintzaren esku geratu da ikerketa.