Politika -

Igandean

Aralarrek Baigorrin egingo du Aberri Eguna, Basaizea elkartearekin

Aralarrek azaldu duenez, aurten, "inoiz baino aukera gehiago zegoen guztiok elkarrekin Aberri Eguna modu bateratuan ospatzeko", baina hau "ez da posible izan".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Euskal Herriko gizartearen aniztasuna" islatuko duten Aberri Eguna aldarrikatu du gaur Aralarrek. Aralarrek Baigorrin egingo du aurten Aberri Eguna ospatzeko ekitaldia, Basaizea elkarteak antolatutako Nafarroa Egunaren baitan.

Jon Abril Aralarreko koordinatzaile ordeak eta Rebeka Ubera antolaketa idazkariak eta Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hautagaiak azpimarratu dutenez, "Euskal Herriko gizartea anitza da, eta Aberri Egunak gizarteko pertsona orori irekia behar du izan, abertzaleak zein ez abertzaleak".

Aralarrek azaldu duenez, aurten, "inoiz baino aukera gehiago zegoen guztiok elkarrekin Aberri Eguna modu bateratuan ospatzeko", baina hau "ez da posible izan", EAk eta Batasunak "bere egin nahi izan dutelako urtetan gizarteko aniztasuna eta sentsibilitate ezberdinak batu dituen festa", salatu du Uberak.

"Erabakitzeko eskubidea demokrata guztien elkargunea” dela azpimarratu nahi du Aralarrek Aberri Egun honetan. "Defenditzen dugun proiektua edozein dela. Aralar alderdi independentista da, baina independentista ez direnekin ere egin behar dugu herri hau: Gutxieneko akordio politiko nazionala, herri honek erabaki dezan", esan du Abrilek.

Zentzu horretan, erabakitzeko eskubide hori hiru erabaki esparruetan (Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Iparraldean) garatu behar dela gaineratu du, "bakoitzaren errealitate eta indar-oreken araberako abiadura eta baldintzetan".

Aralarren ustez, aurtengo Aberri Egunean, ezinbestean, aldarrikatu behar da bakea. "ETAren behin betiko etena eta Frantzia eta Espainiako estatuek giza eskubideetan oinarrituta eskubide zibil eta politiko guztiak errespeta ditzatela exijitzen dugu", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea