Politika -

Beran (Nafarroa)

Erreka taldearekin zerikusia duen ETAko ustezko kide bat atxilotu dute

Atxilotua Lander Etxeberria da, eta Aitor eta Igor Esnaola anaien eta ETAko zuzendaritzaren artean bitarteko lanak egin zituela uste du Guardia Zibilak, Eferen arabera.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak ETAko usteko kide bat atxilotu du gaur arratsaldean Beran (Nafarroa); Legorretan (Gipuzkoa) desegindako Erreka taldearekin zerikusia duela uste dute, Efe albiste agentziak jakinarazi duenez.

Atxilotua Lander Etxeberria da, eta Aitor eta Igor Esnaola anaien eta ETAko zuzendaritzaren artean bitarteko lanak egin zituela uste dute, Eferen arabera.

ETAko kide izateagatik zigorra bete zuen atxilotuak Frantzian. Aitor Esnaola Erreka taldeko ustezko kidea erreklutatzea leporatzen diote Etxebarriari.

Villabonan Herri Batasunako zinegotzia izan zen. Era berean, Ikasle Abertzaleak ezker abertzaleko ikasleen erakundeko bozermailea izan zen 80ko hamarkadan. Xaki nazioarteko harremanetarako erakundearen aurkako operazio batean Frantziara ihes egin zuen atxilotuak.

2001ean atxilotu zuten

2001eko martxoaren 10ean atxilotu zuten Monfort en Chalossen, Zorion Zamakola ETAko buruzagiarekin batera. Biak erakunde terroristako beste kide batzuekin biltzera zihoazen.

2002ko abenduaren 12an Frantziako auzitegiek lau urteko espetxe-zigorra ezarri zioten, eta baita hamar urteko erbesteratzea ere. 2004ko ekainaren 29an kartzelatik atera eta Espainiara kanporatu zuten.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakitera eman duenez, Etxeberriaren etxebizitzan miatzen ari da Guardia Zibila Villabonan.

Bestalde, Zegaman (Gipuzkoa) eta Azpirozen (Nafarroa) gaur miatutako gordelekuetan Guardia Zibilak lehergaiak aurkitu ditu, besteak beste, nitratoa, pentrita, aluminio hautsa eta kordoi detonatzailea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea