Politika -
Omenaldia
Iruñeko Udalak Tomas Caballero oroitu du, ETAk hil zuela 21 urte bete direnean
Omenaldian Tomas Caballeroren senideak, lagunak eta ordezkari politikoak izan dira. 1998ko maiatzaren 6an hil zuten UPNko zinegotzia.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Tomas Caballero UPNko hautetsia omendu dute Iruñean, ETAk hil zuela 21 urte bete direnean. Ekitaldian Caballeroren senideak, lagunak eta ordezkari politikoak izan dira.
ETAk 1998ko maiatzaren 6an hil zuen Tomas Caballero, etxetik udaletxera bidean zihoanean.
Gaurko omenaldia Iruñeko Udalak antolatu du eta San Jose hilerrian egin dute, eguerdian. Tomas Caballeroren alarguna, Pilar Martinez, eta haren semeak eta ilobak izan dira ekitaldian, baita UPNko hainbat kide ere.
Halaber, Joseba Asiron Iruñeko alkateak eta udal talde guztietako ordezkariek hartu dute parte omenaldian. Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidentea ere han izan da.
Familiaren izenean, Javier Caballero semeak hartu du hitza. "Besteenganako errespetua eta indarkeria gaitzestea duintasun kontua da eta, beraz, ezin daiteke estrategia baten ondorio izan", adierazi du.
"Askatasunean, justizia sozialean, eskuzabaltasunean eta herritarren aldeko lan desinteresatuan sinesten jarraitzen dugu, hori guztia hilketa batek kentzea ezinezkoa delako", erantsi du.
Amaitzeko, bere aita "askatasuna, justizia eta bakea" lortzeko lanean aritu zela azpimarratu du.