Politika -
Operazioa
Bi tona lehergai aurkitu dizkio Guardia Zibilak 'Erreka' taldeari
Aluminio-hauts, pentrita, eta nitrato amoniko kopuru "handiak", hari-detonatzailea eta arma labur bat aurkitu ditu Guardia Zibilak gaur. Bi gordeleku aurkitu dituzte, Baraibarren eta Azpirozen.
Erredakzioa
Nafarroan gordelekuen bilaketa amaitu du Guardia Zibilak arratsaldean. Bi zulo atzeman dituzte agenteek, bat Baraibartik gertu eta beste bat Azpirozen. Guardia Zibilak lehergaiak topatu dituzte, besteak beste, nitratoa, pentrita, aluminio hautsa eta kordoi detonatzailea.
ETAren gordelekuak bilatzen jarraitu du Guardia Zibilak arratsaldean, Nafarroan, iragan asteartean Legorretan hasitako operazioari jarraipena emanez. Aitor eta Igor Esnaola anaiak atxilotu zituzten asteartean.
Arratsaldeko lehen orduetan, hamar bat Nissan Patrol Azpirozetik gertu dagoen baso batera joan dira, Betelutik bi kilometrora, Iruñeko noranzkoan.
Ibilgailuetako batean atxilotuetako bat zihoan, guardia zibil batek baieztatu duenez. 17:15 aldera zona utzi eta Aralarko San Migelera jo dute.
Baraibartik lau kilometrora, Aralarrera bidean, guardia zibilek bigarren gordeleku bat topatu dute. Zulotik bidoi txikiak eta txanbilak atera dituzte.
Zegaman
Guardia Zibilak berriz miatu du gaur goizean Esnaola anaien Olalde baserria, Legorretan (Gipuzkoa), terrorismoaren aurkako borrokaren iturriak aipatuta informazio agentziek jakinarazi dutenez. Arratsaldean, ETAren ''zulo'' bat bilatzen aritu dira, Zegamako mendietan, baserritik 30 bat kilometrora, baina bilatzeari utzi egin diote.
Aipatu iturrien arabera, agenteek aluminio-hauts, pentrita eta hari detonatzaile kopuru "handiak" topatu dituzte, baina oraingoz ez dute zehaztu zenbat.
Igor eta Aitor Esnaola asteartean atxilotu zituzten, ETAren logistika taldeko kideak izatea eta armak eta lehergaiak banatzea egotzita.
Aitor Esnaola Madriletik ekarri dute, miaketan parte har zezan. Orotara 300 agente, txakurrak eta helikopteroak bertaratu dituzte.
Sendiak inguruan duen beste baserri bat ere miatu dute, eta bertan arma labur bat eta nitrato amoniko kopuru "handia" topatu dituzte.
Operazioa zabalik dago oraindik, eta Segurtasun Indarrak zuloen eta ezkutalekuen bila ari dira, Aitor Esnaola haiekin dutela.
ETAren biltegi garrantzitsuenetako bat Legorretan
Azken egunetan, Guardia Zibilak 850 kilo lehergai, hiru eskopeta, detonagailuak eta 4.000 euro esku-dirutan atzeman ditu.
Ikertzaileen esanetan, Legorreta anaien baserria ETAren biltegi nagusietako bat zen, eta horrekin erakunde terroristaren taldeak hornitzen zituzten.
ETAren biltegiei emandako kolpe handiena izan da 2010eko otsailean Portugalen 1.500 kilo lehergai atzeman zituztenetik.