Politika -
Kolonbia
ETArekin lotutako FARCeko kide bat atxilotu dute Kolonbian
Interpolek 'Alerta Gorria' ezarri zuen Victor Ramon Vargas Salazarren kontra. Auzitegi Nazionala ikertzen ari den ETA-FARC ustezko loturen auzian auziperatuta dago.
Erredakzioa
Victor Ramon Vargas Salazar FARCeko kidea atxilotu du Kolonbiako Armadak Caucasia udalerrian, Kolonbian. Espainiako Justiziak auziperatu egin zuen Vargas ETAri laguntzea leporatuta.
Interpolek ''Alerta Gorria'' ezarri zuen otsailaren 4an Vargasen kontra, eta auziperatuta dago ETA-FARC ustezko loturak ikertzen ari den Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epailearen auzian.
Droga-trafikoa ere leporatzen diote FARCeko kideari eta ustez elkarlanean aritu zen ETArekin Juan Manuel Santos egungo Kolonbiako presidentearen kontra, eta Alvaro Uribe Velez eta Andres Pastrana presidente ohien kontra atentatuak prestatzeko.
Kolonbiako Fiskaltzaren esku utzi dute ETAren ustezko laguntzailea eta Espainiaratzeko erabakia hartzen duten arte atxilotuta egongo da.