Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Urizar lasai dago Bilduk 'baldintza guztiak beteko dituelako'
Bildu eta Sorturen artean "inolako lotura fisikorik edo zuzenik" egotea ezeztatu du EAko agintariak. Horrez gain, Nafarroa Bai izenarekin aurkezten den hautagaitza 'benetako NaBai' ez dela salatu du.
Erredakzioa
Pello Urizar EAko idazkari nagusiak lasai dagoela adierazi du, Bilduren zerrendek "baldintza guztiak" beteko dituztelako. Urizarrek esan duenez, Bilduko arduradunek jakin badakite zerrendak "arreta handiz" aztertuko dituztela.
Urizar Euskadi Irratian elkarrizketatu dute eta Alfredo Perez Rubalcaka Barne ministroaren adierazpenei erantzuteko aprobetxatu du. Rubalcabak Bilduren hautagaitzak "lupa erabilita" aztertuko dituela adierazi zuen, "ziririk ez sartzeko".
EAko idazkari nagusiak Bildu eta Sorturen artean "inolako lotura fisikorik edo zuzenik" ez dagoela ziurtatu du. Hala ere, pertsonak tartean izanda, bakoitzaren ideologiaren inguruan "irakurketa ezberdinak" egin daitezkeela ohartarazi du.
Gauzak horrela, Bildu "B plana izatea" ukatu du, "izan ere, Sortu legezkoa izango balitz gurean ateak irekita izango lituzke. Hori behin eta berriro esan dugu."
Poliziaren mugimenduak
Bestalde, EAko idazkari nagusiak Polizia Bilduren inguruan egiten ari den "hainbat mugimendu" eta "ezhoiko jarraipen eta metodoak" salatu ditu. Mugimendu horien helburua "frogak eta susmoak baieztatzea" izango litzateke.
Hala ere, EAk, Alternatibak eta independenteek osatutako koalizioa "arriskatzen" ari dela onartu du, baina "merezi du, bide berri honek ziklo politiko berri batera garamatzalako".
Nafarroa Bai
Azkenik, Urizar Nafarroa Bairen inguruan aritu da. Bere hitzetan, aurten Nafarroako Parlamentura aurkezten dena "ez da Nafarroa Bai, filosofia ezberdina eta kide ezberdinak dituen koalizioa baizik".
"2007an zeuden lau kideetatik bi kanpoan geratu dira; kide berriei ateak zabaldu beharrean, itxi egin dituzte. Denok gauza bat argi eduki behar dugu: Nafarroan 2011 aurkezten den koalizio hori ez da Nafarroa Bai. Ezin daiteke jendea engainatu eta itxaropen faltsuak sortu iraganeko marka baten inguruan", azaldu du Urizarrek.