Politika -
Ohar baten bidez
Ezker abertzalea: 'GALen antolatzaileek gobernatzen jarraitzen dute'
"GAL taldea Felipe Gonzalezen (PSOE) Gobernuak sortu eta zuzendu" zuela argi uzten du epaiketak, ezker abertzalearen hitzetan.
Erredakzioa
GAL taldea antolatu zuten PSOEko Gobernuaren "goi-kargudunak gaur egun Exekutiboan jarraitzea larria" dela azpimarratu du gaur ezker abertzaleak. Alfredo Perez Rubalcaba eta Ramon Jauregui horren adibidetzat jo ditu ezker abertzaleak.
1986an, Batzoki eta Consolation tabernetan GALek egindako atentatuen finantzaketa argitzeko epaiketa egiten ari dira Auzitegi Nazionalean. Horren harira, "GAL taldea Felipe Gonzalezen (PSOE) Gobernuak sortu eta zuzendu" zuela argi uzten du epaiketak, adierazi du ezker abertzaleak, "nahiz eta dagoeneko euskal herritar guztiek jakin".
"Euskal independentismoaren aurka dena balio duela argi uzten du GALek, izan ere, Espainiako Gobernu guztiek gerra zikina erabili dute, batzuetan sigla batzuen bidez (GAL, BVE eta AAA) eta beste batzuetan polizia ezberdinak erabiliz", erantsi du ezker abertzaleak.
Era berean, "Euskal Herriko egoera politikoan gertatzen ari diren aldaketa nabarmenen aurrean, Espainiako Gobernua lubaki batean geldirik mantentzea" kritikatu du ezker abertzaleak komunikatuan. Horretarako "Rubalcabak eta Jaureguik" ezker abertzalearen "sinesgarritasun faltaz" baliatzea kritikatu du ezker abertzaleak.