Politika -
EA-Alternatiba koalizioa
Rubalcabak Bilduri: 'Arreta handiz aztertuko ditugu zerrendak'
Barne ministroak adierazi duenez, "adi" ibiliko dira, koalizio berriak ziririk sar ez diezaieten. Bere esanetan, ezker abertzaleak egin behar duena "ETArekiko haustura osatzea" da.
Erredakzioa
Alfredo Perez Rubalcaba Gobernuaren lehen presidenteordea eta Barne ministroak "legearen araberakoak diren bi alderdien arteko koalizioa" definitu du Bildu. Hala ere, hautagai-zerrendak "arreta handiz" begiratuko dituztela ohartarazi du, legez kanpoko Batasunaren kideak bertan aurkeztu ez daitezen. "Alderdien lege bat dugu", gogoratu du, "eta hura beteko dugu". Horren harian, "adi ibiliko gara, ziririk sar ez diezaguten", abisatu du Rubalcabak.
Barne ministroaren arabera, ezker abertzaleak egin behar duena "ETArekiko haustura osatzea" da. "Begien bistakoa dena ezin da ukatu, mugimenduak egon badira baina ziria sartzen ez digutela ziur izan behar gara", azaldu du Cadena Ser irrati katean eskainitako elkarrizketan.
Hala ere, Madrilgo T-4 atentatuaren ostean Gobernuak ETAko kideekin kontaktuak izan zituela baieztatzeari uko egin dio Rubalcabak. "Zapatero presidentea honi buruz mintzatu da dagoeneko eta ez dut gauza berdinari buruz hitz egiten jarraituko", gaineratu du.
Zapateroren ondorengoa
Bestalde, Zapateroren ondorengoa izango den ez du argitu Barne ministroak eta baieztatu duenez, maiatzaren 22ko hauteskundeak igaro ostean ez du egingo. Eclesiastesen "Turn, turn, turn" abestiaren esaldi bat hartu du bere iritzia emateko: "gauza bakoitzak bere momentua du".