Politika -
Bizkaiko Jabetzaren Ganbera
Jaurlaritzak 14 milioi bereganatu ez zituela esan du Madrazok
Bizkaiko Hiri Jabetzaren Ganberako agintari ohiek Eusko Jaurlaritzaren kontra aurkeztutako salaketa dela-eta "harrituta" agertu da Etxebizitza sailburu ohia.
Erredakzioa
Iragan agintaldian Eusko Jaurlaritzak Bizkaiko Hiri Jabetzaren Ganberatik 14 milioi euri eraman zituenik ukatu du gaur Javier Madrazo Etxebizitza sailburu ohiak. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Ganberako agintarien salaketa artxibatu zuela gogorarazi du Madrazok eta Auzitegi Gorenak gauza bera egingo duela uste du.
Bere blogean argitaratutako artikuluan, Bizkaiko Hiri Jabetzaren Ganberako agintari ohiek Eusko Jaurlaritzaren kontra aurkeztutako salaketa dela-eta "harrituta" agertu da Madrazo. Jaurlaritzak 14 milioi euro bereganatu zituela salatzen dute Ganberako arduradun ohiek, erakunde horren "ondarea", alegia.
"Egia desitxuratu" dutela salatu du Etxebizitza sailburu ohiak. 2006ko urtarrilean Hazienda Sailak eta Etxebizitza Sailak dekretu bat onartu zuten Hiri Jabetzaren Ganberako ondarea likidatzeko eta Administrazio Publikoan barneratzeko.
Era berean, "Bizkaiko Hiri Jabetzaren Ganberako arduradun ohiak guztiz aurka azaldu" zirela goraipatu du Madrazok, eta "Estatuak erakunde horiek eskubide publikoko elkarte gisa indargabetzeko erabakia bultzatu zuten epaiak arbuiatu" zituztela gogorarazi du.