Politika -

GALen aurkako azken epaiketa

Amedok deklaratu du Felipe Gonzalezek sortu zuela GAL taldea

80. hamarkadan egindako ETAko kideen bahiketak babestu izana legez kanpo zegoenik ukatu du Ricardo García Damborenea Bizkaiko PSEko idazkari nagusi ohiak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miguel Planchuelo Espainiako Poliziaren Bilboko buru ohiak adierazi du Felipe Gonzalezen Gobernuak baimendu egin zuela Segundo Mareyren bahiketa, Alberto Martin Barrios militarrari (ETAk bahitu eta hil zuen 1983an) "salbatzeko" helburuz.

Komisario ohiari bederatzi urte eta erdiko zigorra ezarri zioten bahiketa horren auzian, baina gaur berriz eseri da akusatuen aulkian, Auzitegi Nazionalean, GALek 1986an Ipar Euskal Herriko "Batzoki" eta "Consolation" tabernen aurka egindako atentatuak direla eta. Herri akusazioak 114 urteko espetxe zigorrak eskatu du harentzat.

Deklarazioan, Planchuelok esan du hedabideen bitartez izan zuela atentatu horien berri, eta Mareyren bahiketan baino ez zuela hartu parte. Halaber, justifikatu egin du bahiketa, egun horietan "kaos" handia zegoelakoan, "heriotza bat baitzeko egunero". Hori horrela, bahiketa egin zuten Martin Barrios "salbatzeko", "baina ezinezkoa izan zen".

Fiskaltzak auzia ixtea eskatu du, baina herri akusazioak sei atentatu saiakera eta lesio larriak egin izana egozten dio. Hain zuzen ere, aipatu tabernen aurkako atentatuak egiteko Jose Amedo polizia ohiari mertzenario portugaldarrak kontratatzeko agindu izana leporatzen diote.

Gaurko epaiketan, Planchuelok ukatu egin du egotzitakoa eta mertzenarioak ezagutzen zituela.

Amedo eta hiru mertzenarioak (Paolo Figueiredo, Rogelio Fernando Carvalho da Silva eta Antonio Jorge Ferreira Cisneros) zigortu egin zituzten atentatu horien harira.

Epaiketa horretan, Figuereidok esan zuen beste mertzenario batek, Jean Philippe Labade frantziarrak, antolatu zituela ekintza terroristak.

Planchuelok aitortu du Labade ezagutu egin zuela, Francisco Alvarez terrorismoaren aurkako borrokaren agintaritzako buru ohiarekin egindako bilera batean, baina bi horiek frantsesez hitz egin zutenez, ez zuela ezer ulertu.

Amedoren deklarazioa

Ondoren Jose Amedok deklaratu du lekuko bezala. Bere esanetan, GAL taldea sortzea Felipe Gonzalez presidente ohiak erabaki zuen, Ramon Jaureguiren, Txiki Benegasen, Ricardo Garcia Damborenearen eta PSOEko beste hainbat goi-kargudunen onespenarekin.

Gainera, polizia ohiak esan du Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epailea (GALen auziak ikertu zituena) ministro izan balitz, Justiziak ez zukeela inoiz ikertu ETAren aurkako "gerra zikina". Kolaboratu ezean, eurak eta euren emazteak kartzelatu egingo zituztela mehatxu egin ziela gaineratu du.

Amedori eta Michiel Dominguez polizia ohiari 108na urteko espetxe zigorra ezarri zieten 1991n, "Batzoki" eta "Consolation" tabernen aurkako atentatuak gauzatu zituzten mertzenarioak kontratatzeagatik.

Damborenearen hitzak

80. hamarkadan egindako ETAko kideen bahiketak babestu izana legez kanpo zegoenik ukatu du Ricardo García Damborenea Bizkaiko PSEko idazkari nagusi ohiak.

Begoña Lalana, GALen aurkako Herri Akusazioaren abokatuak, Segundo Mareyren bahiketaz hitz egitean deliturik egin behar zutela aipatu zuten galdetu dio Damboreneari. "Ez", erantzun du.

Ondoren, Lalanak bigarren galdera bat egin dio: "Ez al duzu uste pertsona bat bahitzea legez kanpoko ekintza dela?". PSEko idazkari orokor ohiak, berriro ere, ezetz erantzun du.

Orduko egoera deskribatu du Damboreneak Auzitegi Nazionalean, eta "terroristek abantailak" zituztela azaldu du. "Biktimek ez zuten ahotsik", gaineratu du.

Michel Dominguez

Bestalde, GAL taldearen ekintzengatik 108 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten Michel Dominguez polizia ohiaren hitzetan, Miguel Planchuelo Bilboko Informazio Brigadako zuzendari ohiak ez zuen harremanik izan Portugalgo hiru mertzenarioren kontratazioan; mertzenario horiek ''Batxoki'' eta ''Consolation'' tabernen aurka tiro egin zuten 1986an.

Dominguezek lekuko gisa deklaratu arratsaldeko saioan, eta "Brigadako buruak ekintza horien berri" ez zuela azaldu du.

Bestalde, 1982an Segundo Mareyren bahiketan parte hartu izana, eta ondoren bahituta egon zen bitartean zaindu zuela onartu du lekukoak. Halaber, GAL taldearen aldarrikapen agirien itzulpenean (frantsesera) parte hartu zuela onartu du

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea