Politika -

A28

ERCk irabaziko ditu hauteskunde orokorrak Katalunian, inkesten arabera

9tik 14-15era igoko luke ordezkari kopurua. PSC, berriz, bigarren indarra izango litzateke, igoera handierakin. En Comu Podemek indarra galduko luke.

Gabriel Rufian ERCren diputatua, Bilbon. Argazkia: Efe
Gabriel Rufian ERCren diputatua, Bilbon. Argazkia: Efe
Gabriel Rufian ERCren diputatua, Bilbon. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ERCk irabaziko ditu apirilaren 28ko hauteskunde orokorrak ordezkari kopurua 9tik 14-15era igota, eta PSC bigarren izango da, 11-13 diputaturekin, Generalitatearen Iritzi Ikerketa Zentroaren azken inkestan agertzen denez.

En Comun Podem izan zen hauteskunde orokorren irabazlea aurreko aldian Katalunian, baina oraingoan 12 eserlekutik 7-9ra jaitsiko litzateke. JxCatek, berriz, 5-7 lortuko lituzke, Convergenciak 2016an lortu zituen 8ak baino gutxiago.

Bosgarren Ciudadanos izango litzateke, gaur egun dituen 5 diputatuekin; eta PP azkena izango da, 6 eserlekutik 2ra jaitsita.

Kongresuan sar liteke lehen aldiz, diputatu batekin, Front Republica, Poble Lliurek (CUPen dagoen taldea), Som Alternativak (Albano Dante Fachinek sustatutako plataforma) eta Pirates de Catalunyak osatutako koalizioa.

Boto zuzen asmoa

Boto zuzen asmoari dagokionez (haztatu gabea), ERC da lehena % 24,1eko babesarekin (Oriol Junqueras eta Gabriel Rufian dira lehen bi hautagaiak), eta ondoren PSC, % 13,5eko babesarekin, Meritxell Batet ministroa zerrendaburu.

Jaume Asens kartelburu duen En Comu Podemek % 7,1eko boto zuzen asmoa du, eta Jordi Sanchezen JxCat-ek, % 5,6koa.

Horien atzetik geratu dira Ines Arrimadasen Ciudadanos, % 4,5ekin, eta Cayetana Alvarez de Toledoren PP eta Front Republica, % 1,5ekin.

Junqueras, politikari onena

Oriol Junqueras ERCren presidente eta gaur egun espetxean dagoena da kataluniarrentzat politikari onena, eta 10etik 6,3ko batez besteko puntuazioa lortu du inkestan.

Marta Rovira ERCren idazkari nagusia eta Carles Riera CUPen parlamentaria dira azterketa gainditzen duten beste biak, 5,37ko eta 5,16ko puntuazioarekin, hurrenez hurren.

Gainditzeko zorian geratu da Joan Mena comunen bozeramailea (4,98), eta bere atzetik Jessica Albiach comunen burua (4,81), Meritxell Batet PSCren hautagai eta ministroa (4,72), Carles Puigdemont presidente ohia (4,65) eta Quim Torra egungo presidentea (4,53).

Miquel Iceta PSCren buruari 4,08ko nota eman diote, eta oso nota baxua jaso dute Ines Arrimadas Ciudadanosen buruak (2,24), Alejandro Fernandez PPren Kataluniako burua (2,08), eta Manuel Valls Bartzelonako alkategaia (1,96).

Inkesta hori egiteko, Generalitatearen mendeko zentroak 1.500 laguni egin die elkarrizketa, martxoaren 4tik 25era.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Espainiako hauteskunde orokorrak Gaurko azken ordukoa Hauteskundeak Hauteskunde inkestak 2024