Politika -

Heriotza

Jose Antonio Urbiola Nafarroako EAJren presidente ohia hil da

1992tik 2004ra bitartean zuzendu zuen Nafarroako EAJ. Lanbidez abokatua zen eta Venezuelara erbesteratu behar izan zuen. 70eko hamarkadaren amaieran HBko militante izan zen.

Jose Antonio Urbiola artxiboko argazki batean. Argazkia: Nafarroako EAJ
Jose Antonio Urbiola artxiboko argazki batean.
Jose Antonio Urbiola artxiboko argazki batean. Argazkia: Nafarroako EAJ

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Antonio Urbiola Nafarroako EAJren presidente ohia hil da ostegun honetan, 81 urte zituela, alderdi jeltzaleak jakinarazi duenez.

Unai Hualde Nafarroako EAJren egungo buruzagiak ondoko mezua idatzi sare sozialetan: "Jose Antonio Urbiola, Nafarroako EAJko presidente ohia joan zaigu gaur. Pertsona, burukide eta abertzale paregabea. Askorentzat eredu. Agur eta ohore!".

Urbiola Agoitzen jaio zen, 1937ko irailaren 13an. Zuzenbideko ikasketak egin zituen Nafarroako Unibertsitatean eta 50eko hamarkadan EGIn sartu zen. EAJren gazte erakunde mahai nazionaleko kide izatera iritsi zen.

1961ean, Napar Buru Batzarreko kide aukeratu zuten, eta handik hiru urtera, Euzkadi Buru Batzarrera igaro zen, EAJren zuzendaritza organo nagusia.

1973an Iruñean atxilotu eta kartzelatu egin zuten, Felipe Huarte industrialaren bahiketarekin lotutako auzipetu bati laguntza juridikoa emateagatik.

Fiskala 16 urteko espetxe-zigorra eskatu behar zuela eta, erbestera jotzea erabaki zuen. Lehendabizi, Ipar Euskal Herrira joan zen, baina 1974an, Frantziako Gobernuak kanporatzeko agindua eman zuen, eta Venezuelara egin zuen ihes.

1976an bueltatu zen Euskal Herrira, eta bi urte geroago Herri Batasunan sartzeko hautua egin zuen. 1979ko Foru Parlamentuko hauteskundeetara HBko zerrendan aurkeztu zen, eta Ganberako lehen presidenteordea izan zen 1981era arte.

1983an HB uztea erabaki zuen, ezker abertzaleak erakundeen parte ez hartzeko hautuarekin ados ez zegoelako, eta Caracasera joan zen berriro. Abokatu lanetan aritu zen han.

1988an bueltatu zen Euskal Herrira eta jarduera politikoari heldu zion berriz, baina oraingoan EAJren eskutik. 1991ko foru hauteskundeetan presidentegai izan zen, baina ez zuten aukeratu.  

1992an, NBBko presidente eta EBBko kide izendatu zuten.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Nafarroa Eguneko albisteak Albisteak