Politika -
Gipuzkoako Aldundia
Itsasoren inguruko helegitea tramitera onartu du Auzitegi Gorenak
Errekurtsoa garatzeko eta edukia eta argudio nagusiak aurkezteko 30 egun izango ditu orain Gipuzkoako Aldundiak.
Agentziak | Erredakzioa
Itsaso udalerria Toki Erakundeen Erregistroan inskribatzea eragotzi ondoren, Gipuzkako Foru Aldundiak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa planteatu zuen, baina EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen. Horrela gauzak, kasazio-errekurtsoa aurkeztu zuen Aldundiak, eta Auzitegi Gorenak tramitera onartu du orain.
Auzia laugarren Sekzioak ebatziko duela azaldu du Imanol Lasa Aldundiko bozeramaileak agiri batean. Errekurtsoa garatzeko eta edukia eta argudio nagusiak aurkezteko 30 egun izango ditu orain Aldundiak.
Bere garaian foru erakundeak aurkeztutako helegitea “ongi oinarritu” zuela nabarmendu du Lasak. Auzitegi Gorenak “gaiaren inguruan erabakitzea egoki ikusi du”, erantsi duenez.
Bozeramailearen ahotan, “tramite judizial garrantzitsu bat” gainditu dute. Itsasoren desanexioa 27/2016 foru dekretuaren bidez gauzatu zuten, “ikuspuntu legal, administratibo eta partizipatibotik prozedura aparta, legea zehatz-mehatz errespetatuz, berme ekonomiko eta administratibo guztiekin; Ezkio zein Itsasoko herritarrak protagonista izan zituen parte-hartze prozesu baten emaitza izan zen, ekarpen guztiak kontutan hartuta”, azpimarratu duenez.
Foru bozeramaileak azaldu duenez, Aldundiak “Gobernu Kontseiluaren erabakia defendatzen jarraituko du”. “Zentzutasuna eta errespetu instituzionala baztertuz, Madriletik gaia judizializatu” izana deitoratu du Lasak.
“Aldundiaren eskumenak defendatzen jarraituko dugu, sekula baino beharrezkoagoa den une batean; izan ere, Espainiako alderdi politiko asko birzentralizazioarekin eta autogobernua suntsitzearekin mehatxu egiten ari dira”, berretsi du.
Aldundiarentzako Itsasok “Gipuzkoako 89. udalerria izaten jarraituko du”, adierazi du Lasak. “Udal eta udalerri bezala finkatzeko, babes legal eta administratiboa ematen” jarraitu eta “alkate zein bizilagunei sostengu berezia” emango dizkietela esan du bozeramaileak, “zerbitzuak eta bizi-kalitatea bermatzeko”.