Politika -
Diputazio Iraunkorra
Sanchezen sei lege dekretuak onartu dituzte, EAJ eta EH Bilduren aldeko botoekin
Aitatasun baimena, 52 urtetik gorakoentzako laguntzak, zamaketarien kontratazioa, superabitaren inbertsioa, alokairuak eta 'brexit'ari buruzkoak dira Diputazio Iraunkorrak baliozkotutako dekretuak.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Gobernuak proposatutako sei lege dekretu ekonomikoak baliozkotu ditu Kongresuko Diputazio Iraunkorrak, Mariano Rajoyren aurkako zentsura mozioa babestu zuten alderdien aldeko botoekin –tartean, EAJ eta EH Bildu–, eta PPren kontrako botoarekin.
Zazpi ordu inguru iraun du lege dekretu hauei buruzko eztabaidak. Oposizioaren kritika gogorrak jaso ditu Gobernuak, edukiak ez negoziatzea eta hauteskundeak gertu daudenean aurkeztea egotzita.
Arau guztiak baliozkotu ditu Kongresuaren gehiengoak: aitatasun baimena 8 astera luzatzea, 52 urtetik gorako langabeentzat laguntzak berreskuratzea, zamaketarien kontratazioan aldaketak egitea, autonomia erkidegoen eta udalen superabita inbertsioetara bideratzea, alokairuaren araudi berria eta akordiorik gabeko balizko brexitari aurre egiteko neurriak. 64 diputatuk osatzen dute Diputazio Iraunkorra.
EAJk Twitterren esan duenez, "orokorrean positiboak direlako, erantzukizunagatik eta Espainiako Gobernuan aktibazio eta konpromiso sintomak antzeman ditugulako" onartu ditu dekretuak, eta gehitu du sintoma horiek "laster ekintza zehatzetan islatzea" espero duela.
EH Bilduk, bestalde, asteartean azaldu zuen dekretuak "norabide onean egindako urrats txikiak" direla. Marian Beitialarrangoitia diputatuaren arabera, "pertsonen bizi baldintzak hobetzeko beharrezko pausoak dira".
Lege dekretuak
Diputazio Iraunkorra osatzen duten 64 diputatuek honako lege dekretuak bozkatu dituzte:
Alokairuari buruzko neurri urgenteen dekretuak, martxoaren 6tik indarrean, urteroko errentaren igoera KPIra mugatzen du kontratu berri guztietarako, eta 3 urtetik 5era zabaltzen du kontratuen beharrezko luzapena.
Erabilera turistikoko etxebizitzaren bazterketa ere hobetzen da, alokairuaren prezioaren inguruko estatu mailako erreferentziazko indize bat sortzen da eta etxegabetzeen eguna eta ordua ezartzeko betebeharra argitzen da.
Aitatasun baimenari buruzko dekretuak mailaka luzatzen du: 2019an zortzi astera arte igoko da; 2020an hamabira, eta hamaseira 2021ean, amatasun baimenera berdinduz. Behin parekatuta, erditzearen osteko lehenengo sei asteak derrigorrezkoak eta etengabekoak izango dira, eta guraso bakoitzak izango dituen beste hamarrak seme-alabak urte bat bete arte banatu ahalko dira.
Gobernuko presidenteorde eta Berdintasun ministro Carmen Calvok neurri hauen beharra defendatu du, berdintasunera hurbiltze aldera, baina oposizioarentzat "kafeinagabeak" eta "laburrak" eta "anbizioa falta zaie".
Superabitaren inbertsioaren gaineko dekretuak udalek eta autonomia erkidegoek 2018ko superabita aurten edo 2020an inbertsio jasangarrietara zuzentzea ahalbidetzen du. Gizarte politikak eta oinarrizko zerbitzu publikoetako inbertsioak dira; segurtasuna, babes zibila, osasuna, hezkuntza edo kultur ekipamenduak, esaterako. Maria Jesus Montero Ogasun ministroarentzat, arautze "beharrezkoa eta urgentea" da.
Euskal Autonomia Erkidegoarentzat eta Nafarroako Foru Erkidegoarentzat onuragarria izan daiteke luzapena. Asturias, Kantabria eta Galiziarekin batera, 1.670 milioi euroko superabit osoa daukate.
52 urtetik gorako langabeentzat laguntzak berreskuratzeko dekretuak, gainera, kontrataziorako hobariak ere izaten ditu kontuan.
Magdalena Valerio Lan, Migrazio eta Gizarte Segurantzako ministroaren arabera, arauak "2 milioi pertsonaren bizitza hobetzen du, eta justizia eta kohesio sozialetan 700 milioi euro inguru inbertitzen du".
Zamaren erreformaren dekretuak aurreko Gobernuarena garatzen du, portuetako kargaz arduratzen den sektoreko monopolioarekin bukatzeko eta Europar Batasuneko arauak betetzen dituela ziurtatzeko.
Jose Luis Abalos Sustamen ministroak zama eraberritzeko garrantzia azpimarratu du, "urte gehiegi irekita eman dituen arazo bat ixteko eta sektoreko bake soziala, langileen eskubideak eta Espainiako portuen lehiakortasuna bermatzeko".
Akordiorik gabeko brexitari buruzko dekretuaren arabera, Erresuma Batua EBtik trantsiziorik gabe irteten bada, Espainian bizi diren 400.000 britainiar inguruk 2020ko abenduaren 31ra arteko epea izango dute Atzerritarren Nortasun Agiria eskatzeko.
Espainiako mugetan lan egiten duten Erresuma Batuko hiritarren lan baimenak emateko prozedura ere arautzen du dekretoak. Horrek " elkarrekiko tratamendura baldintzatuta dago, bereziki Gibraltarreko lan aktibitatea mantentzeko, egunero 9.000 langile espainiar bertara joaten dira eta".