Politika -
Biktimak
Andueza, Priederi egindako omenaldian: 'Aberria defendatzea ez da banderak jartzea'
Gipuzkoak PSE-EEk omenaldia egin dio orain dela 17 urte ETAk hil zuen Juan Priede Orioko zinegotziari.
Agentziak | Erredakzioa
PSE-EEk omenaldia egin dio Juan Priederi, duela 17 urte ETAk hil zuen Orioko zinegotziari. Sozialisten ordezkaritza zabala izan da Orioko hilerrian. Idoia Mendia idazkari orokorra eta Eneko Andueza Gipuzkoako sozialisten idazkari orokorra izan dira buruan, baita biktimaren senideak ere.
Gipuzkoako PSE-EEren buruzagiak esan duenez, sozialistak "harro" daude "Euskadi eta Espainia defendatzeagatik aurpegia eman zuten" alderdikideak izateagatik. "Badirudi orian oso modan dagoela aberria defendatu behar dela esatea. Batzuk, aberria aipatzen dutenean Espainiaz ari dira, besteak, Euskadiz", esan du.
Oso ziur esan duenez, "aberria defendatzea ez da balkoietan banderak jartzea, Espainiakoak edo presoen hurbilketaren aldekoak, ez da historiako aurrekontu aurrerakoien kontra bozkatzea, ez da eskubideak murriztea ezta elkarbizitzaren hausturara edo desberdin pentsatzen duten pertsonak seinalatzera garamatzaten bideak hartzea ere".
Bere ustez, "aberria defendatzea herritarren eskubideak, pentsio duinak, hezkuntza publikoa defendatzea da". "Inor baztertua izango ez den osasuna, lan duina eta 50 urtetik gorako langileen eskubideak defendatzea da… Jendea defendatzea da", azpimarratu du.
"Eskuinen aurrean, zutik. Borrokara eta banaketara eramango gaituzten bideak hartu nahi dutenen aurrean, elkarrizketa eta ulermena. Konponbide politikoak arazo politikoentzat. Batez ere, elkarbizitza hobeto bizitzeko", bukatu du.