Politika -
Espainiako Armada
Jendetza erakarri du 'Juan Carlos I' hegazkin ontziak, Getxon
Getxoko portuan dagoen Espainiako Armadaren gerraontzia bisitatzera joan direnen ilara luzeak sortu dira Bizkaiko udalerrian. Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak gastu milarra salatu du.
eitb.eus
Espainiako Armadaren Juan Carlos I hegazkin ontziak bisitari andana erakarri du Getxora. Gerraontzia ikustera joan direnek ilara luzeak sortu dituzte Bizkaiko herrialdeko kirol portuaren inguruan.
Ate irekietako lehenengo egunean, goizeko lehen ordutik, gerraontzian sartzeko ilara luzeak sortu dira. Zirkulazio arazoak ere eragin ditu. Kirol portura sartzeko bidea itxi dute, eta inguruko aparkalekuak erabat beteta egon dira.
Gainera, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak martxa bat egin du leku berean, "gerra eta militarismoan gero eta diru publiko gehiago xahutzea" salatzeko.
Ostiralean porturatu zen gerraontzia, Getxoko Udala bisita horren kontra zegoela.
Udal gobernua osatzen duten bi alderdiek (EAJ eta PSE-EE), zein GUK eta EH Bildu oposizioko taldeek adierazpena babestu zuten.
Ontziak ateak zabalik izango ditu bi egunetan, nahi duenak bisita egiteko: larunbatean, 10:00etatik 18:30era, eta igandean, 10:00etatik 13:30era. Igande arratsaldean itsasoratuko da, 18:30 aldera.
Juan Carlos I ontziak 232 metroko luzera du, eta Espainian sekula eraiki den gerraontzi handiena da. 350 gizon eta emakumek osatutako tripulazioa du, bost AV8B Harrier hegazkin eta SH3D helikoptero bat. Azken horien pilotuak eta mantentze-lanetarako langileak zein itsas infanteria ere garraiatzen ditu.