Politika -
'Faisan auzia'
Gobernuak su-etenean izandako jarrera defendatu du Rubalcabak
Su-etenean egindako mugimendu guztiak "itzulgarriak" izan zirela berretsi du Barne ministroak. Bere esanetan, Polizia "erne" ibili zen. PPk, berriz, Kongresuan agerraldia egiteko eskatuko dio.
Erredakzioa
Barne Ministerioak ETAren su-etenean egindakoa defendatu du Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak. Honen esanetan, tregoa bitartean emandako "mugimendu guztiak itzulgarriak izan ziren eta Poliziak erne ibiltzeko agindua jaso zuen". Rubalcabaren esanetan, "su-etenean lanean izan ginen, baina ETAk hautsiko zuela argi genuen, azkenean gertatu zen bezala". "ETAk 1999ko eta 2006ko su-etenak galdu zituen, polizialki eta politikoki, eta horregaitik Gobernuaren jarrera defendatu egiten dut", gaineratu du ministroak.
Hala ere, ETAren negoziazio aktei buruz hitzik esatera uko egin dio Rubalbacak. "Ez ditut Parlamenturen egoitzaren ETAk esandakoa eztabaidatuko... ezta pentsatu ere", zehaztu du.
PPk bere dimisioa eskatu du
PPk, bestalde, Kongresuko osoko bilkuran Alfredo Perez Rubalcaba Gobernuaren lehen presidenteordearen agerraldia eskatu du, Faisan auziari eta ETAko kideekin izandako ustezko kontaktuei buruzkoa argitu ditzan. El Pais egunkariak argitaratutakoaren arabera, Gobernuaren eta ETAko kideen artean ustez kontaktuak izan ziren.
Rubalcabaren agerraldiaren harira, Soraya Saez de Santamaria PPko bozeramailaren esanetan, Barne ministroak "azalpenak eman beharko ditu ala dimititu". "Rubalcabak arazo bat du", gaineratu du Saez de Santamariak, "puzzlearen piezak bat etortzen diren heinean, agertzen zaigun irudia Rubalcaba berarena baita". PPko buruzagiaren arabera, Barne ministroa "egoera oso konplikatuan dago".
Ignacio Cosido Kongresuko Barne Batzordearen PPko bozeramailea zentzu berean mintzatu da. "Erantzukizun politikorik izango bazenu", esan dio Rubalcabari, "kargua utziko zenuke".