Politika -
Jardunaldiak Gasteizen
Uriarte: 'ETAren biktimak berandu artatu genituen'
Donostiako gotzain emerituaren hitzetan, biktimengatiko interesak “nabarmen gora egin zuen, batzuk haien kapital politikoaz jabetu zirenean”.
Agentziak | Erredakzioa
ETAko biktimen “traumatismo ikaragarriaren” aurrean Euskadiko Elizaren sentsibilizazioak eta mobilizazioak urteetan zehar “gabeziak” izan zituela onartu du Juan Maria Uriarte Donostiako gotzain emerituak. “Batez ere berandu eta Ebanjelioaren eskakizunen azpitik” artatu zituztela uste du Uriartek.
‘Eliza ETAren indarkeriaren aurrean’ jardunaldiak itxi ditu Uriartek Gasteizen. Pastoral unibertsitarioak, Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan, antolatu ditu jardunaldiak.
Terrorismoaren biktimen atsekabea “lehenago, sakonago eta eraginkorrago” artatu behar izan zutela ziurtatu du Donostiako gotzain ohiak (2000-2010).
Gotzainek “hildakoei eta haien senideei elkartasuna eta atsekabe zintzoa” adierazi bazieten ere, gaur keinu hori “xumeegia” iruditzen zaiola onartu du Uriartek. “Aurrenekoak izan behar ginen sentsibilitate ebanjelikoagatik”, laburbildu du.
Hala ere, Espainiako eta Euskadiko gizarteak “berandu esnatu” zirela erantsi du. “Inork ez zuen neurririk eman”, azpimarratu du. Uriarteren ahotan, biktimengatiko interesak “nabarmen gora egin zuen, batzuk haien kapital politikoaz jabetu zirenean”.
Elizaren jarreran “hobe daitezkeen” beste puntu batzuk aipatu ditu Uriartek; esaterako, Euskadiko toki batzuetan ETAren aurkakoak ziren herritarren askatasuna geldiarazi zuen “ikarari” aurre egiteko orduan. Bestalde, gotzain emerituaren hitzetan, euskal gazteriaren “zati bat” ideologia “itxi” batean “doktrinatu” zuten, eta horrek ondorio “negargarriak” izan zituen.
Azkenik, Uriartek adierazi duenez, orain bizikidetzarako garaia da, eta Eliza horretarako ari da lanean, baina gertatutakoaren memoria mantenduz, ez zelako gertatu behar, berriz ez gertatzeko.