Politika -

Erasoen 15. urteurrena

M11ko biktimei omenaldia Madrilen: 'Ez zaituztegu ahaztuko'

Espainiako Gobernuak Daoiz y Velarde plazan ekitaldia antolatu du aurten aurrenekoz. Musika, isiluneak eta 15 urteko bi ikaslek irakurritako olerkiak izan dira protagonistak.

M11ko erasoen biktimei omenaldia Madrilgo Daoiz y Velarde plazan. Argazkia: EFE
M11ko erasoen biktimei omenaldia Madrilgo Daoiz y Velarde plazan. Argazkia: EFE
M11ko erasoen biktimei omenaldia Madrilgo Daoiz y Velarde plazan. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

M11ko biktimen oroimenez ekitaldia egin dute arratsaldean. Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak, Angel Garrido Madrilgo erkidegoko presidenteak eta Manuela Carmena Madrilgo alkateak parte hartu dute. Omenaldia zaurituak artatu zituzten lehen tokian egin dute.

Daoiz y Velarde kiroldegira, oraindik zabaldu barik zegoenean, bizilagunek eta boluntarioek treneko bidaiari zaurituak eraman zituzten duela 15 urte, erasotzaileek trena Atochako geltokira sartu baino lehen lehergailua zartarazi ondoren.

Espainiako Gobernuak Daoiz y Velarde plazan ekitaldia antolatu du aurten aurrenekoz. Musika, isiluneak eta 15 urteko bi ikaslek irakurritako olerkiak izan dira protagonistak. Alderdi politiko eta terrorismoko biktimen elkarte guztietako ordezkariak bertan izan dira.

Besteak beste, Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordea, Fernando Grande-Marlaska Justizia ministroa; Ana Pastor eta Pio Garcia Escudero Kongresu eta Senatuko presidenteak; Carlos Lesmes Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidentea eta Juan Jose Gonzalez Rivas Auzitegi Konstituzionaleko presidentea ekitaldian izan dira.

"Memoria betebeharra dugu, zuen duintasunaren eta justiziaren defentsan. Ez zaituztegu ahaztuko"

Olerkiak irakurri dituzten Gredos San Diego ikastetxeko bi ikasleek ez dituzte adinagatik atentatuak gogoratuko, baina euren ahotsek 2004ko martxoaren 4an gertatutakoa “ez ahazteko” balio izan dute gaur.

Egun hartan 07:36tik aurrera bizi izandakoa laburbiltzen duen bideo bat ikusi dute: “Milaka espainiarrek erantzun solidarioa eman zuten”. “Memoria betebeharra dugu, zuen duintasunaren eta justiziaren defentsan. Ez zaituztegu ahaztuko”, esan diete biktimei.

Ondoren, Jose Mateosen Once de Marzo olerkia irakurri dute, “heriotzak arima soilik lekuz aldatu dezakeela” kontatzeko. Gero Antonio Colinasen En el lugar del odio-ren bertsoak irakurri dituzte bi ikasleek: “Martxoko ostegun honetan ez du gorroto euririk egin/esku mantsoak bota ditu/ guztia eta denak laguntzeko”.

Bertsoen ondotik, lore eskaintza egin dute. Ordezkari politikoek eta terrorismoaren biktimen elkarteetako presidenteek arrosa zuriak ipini dituzte.

Ekitaldia minutu bateko isilunearekin bukatu da. “Beti memorian ditugu, eta izango ditugu”, nabarmendu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Atentatuak Jihadismoa Eguneko albisteak Albisteak Madril Terrorismoaren Biktimak