Politika -

Sortu inskribitzeko debekua

Ezker abertzaleari ebazpena 'ondo' datorkiola uste du Eguigurenek

PSE-EEren presidenteak nahiago zuen legalizazioa, baina debekuak ezker abertzaleko jendea "elkartzea eta mobilizatzea" ekar dezakeela pentsatzen du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenak Sorturi alderdi politikoen erregistroan sartzeko jarri dion debekuak ezker abertzaleari "mesede" egin diezaiokeela uste du Jesus Eguiguren PSE-EEren presidenteak. Era berean, ziur esan du hauteskundeetan egongo dela sektore hori, "ezin baitira bide guztiak itxi".

Eguigurenek Eusko Legebiltzarreko korridorean izan du hizpide Auzitegi Gorenaren 61. Aretoak Sorturen kontra eman duen ebazpena.

EAEko sozialisten buruak errespetatu egiten du erabakia, baina legalizazioa nahiago zuela aitortu du, izan ere, "horixe komeni zen gertatzen ari den guztia arriskuan ez jartzeko".

Hala ere, Gorenaren debekuak ez duela "inolako eraginik izango" iritzi dio: "Sorturi Madrilekiko biktimismoa ondo datorkio jendea elkartzeko eta mobilizatzeko".

Horren harira, Eguiguren ziur dago ezker abertzaleak udal eta foru hauteskundeetan parte hartuko duela, "aurkezteko beste formula batzuk izango baititu aurreikusita".

"Jakina da ezker abertzaleak beste asmo batzuk dituela eta ez dut uste bide guztiak ixtea posible izango denik. Hori dela eta, ez dakit nola, baina hauteskundeetan egongo dira", berretsi du.

Gainera, Gorenaren erabakiak ez duela "Euskadin bakea lortzeko bidea zailduko" azpimarratu du, "apustu zintzoa" egin dute eta "Auzitegi batek emandako ebazpenak" ez omen du hori aldatuko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea