Politika -
Helegitea Konstituzionalean
Herriaren Defendatzailea, alderdiek sareetan iritzi politikoak biltzearen aurka
'58 bis' artikulu polemikoak Konstituzioaren 16. artikulua urratzen duela uste du Espainiako Herriaren Defendatzaileak.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Herriaren Defendatzaileak konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa aurkeztu du Auzitegi Konstituzionalaren aurrean, hauteskundeen markoan alderdi politikoek sare sozialetan iritzi politikoak biltzearen kontra.
Ekimen legegilea PP Gobernuan zegoenean abiatu zen. Azken asteetan helegitea aurkezteko eskatu diote legelari talde batek eta eskubide digitalen defentsarako elkarteek Herriaren Defendatzaileari. Apirilaren 28ko hauteskundeei begira, araua bertan behera utzi ala ez erabaki beharko du orain Konstituzionalak.
'58 bis' artikulu polemikoaren arabera, “pertsonen iritzi politikoen inguruko datu pertsonalen bilketa interes publikoak babesturik egingo dute alderdi politikoek hauteskundeen markoan, beti ere berme egokiak eskainiz”.
Era berean, “alderdi politikoek, koalizioek eta hauteskunde-elkarteek webguneetan lortutako datu pertsonalak jarduera politikorako erabili ahal izango dituzte hauteskundeetan zehar”.
Zentzu horretan, arauak Konstituzioaren 16. artikulua urratzen duela uste du Espainiako Herriaren Defendatzaileak: “askatasun ideologikoa eta erlijiosoa bermatzen da, adierazpenetan, legeak babestutako ordena publikoa mantentzea beste mugarik gabe”.
Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren erreforma 2017ko azaroan abiatu zuten, PP Gobernuan zegoela. Hasierako idatzian azken xedapen polemikoa ez zen agertzen. Urtebete geroago gaineratu zuten, jada Pedro Sanchezen Exekutiboa boterean zegoenean; hain zuzen ere, PSOEk aurkeztutako zuzenketa bat babestu zuten Kongresuko talde guztiek.
2018ko azaroan, Senatuak legea behin betiko onartu zuen, Unidos Podemos, Compromis, Nueva Canarias eta EH Bilduren kontrako botoekin.