Politika -
EUSKO JAURLARITZA
Sonia Perezek Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburu kargua hartu du
Iñigo Urkullu lehendakaria buru zela eta gainerako sailburuak bertan zirela egin da kargu-hartze ekitaldia Ajuria Enean. Alfredo Retortillok utzitako tokia hartuko du.
EITB.EUS
Sonia Perez Ezquerrak Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburu kargua hartu du gaur goizean Ajuria Enean egin den ekitaldian. Alfredo Retortillok utzitako tokia hartuko du, izan ere, Barakaldoko PSE-EEren alkategaia izango da.
Iñigo Urkullu lehendakaria buru zela eta gainerako sailburuak eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kideak bertan zirela egin da kargu-hartze ekitaldia Ajuria Enean. Lehendakariak izendapen dekretua irakurri ostean, Sonia Perez Ezquerrak karguaren zina egin du: "Hartzen dudan agintea, Euska-diren zerbitzuan eta legearen arabera, zintzo eta leialki erabiliko dudala, hitz ematen dut".
Lehendakariak ongietorria eman dio sailburu berriari eta, aldi berean, Eusko Jaurlaritzako kide guztien izenean egindako lana eskertu dio Alfredo Retortillo orain arte Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburu izan denari. "Sinesmen eta dedikazio osoz parte hartu duzu Gobernu hau gidatzen duen auzolanarekiko konpromisoan", zehaztu du.
Sonia Perez Ezquerrak bere hitzaldian adierazi duenez, harro dago berriro ere Eusko Jaurlaritzako kide izateaz. Gaineratu duenez, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailetik orain arte egindako lana irmotzen jarraituko dute, eta proiektu berriei eta hobekuntza-eremu berrien bilaketari ekingo diote.
Perez (Barakaldo, 1976) Administrazio eta Enpresa Zuzendaritzan lizentziatua ez ezik PSE-EEren arlo ekonomikoaren burua da, eta Enplegu zuzendari eta Lan sailburuorde izan zen Patxi Lopez lehendakari izan zenean .Lan zuzendari izan zen lehenik eta sailburuordea, gero.