Politika -
Erantzuna
Mendia: 'Jaurlaritza ez dator bat Eguigurenek egindako adierazpenekin'
Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen hitzetan, lehendakariak "behin eta berriz" ezarritako politikarekin bat egingo du Gobernuak.
Erredakzioa
Eusko Legebiltzarra "ez dator bat" Jesús Eguiguren PSEko presidenteak egindako azken adierazpenekin, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi duenez. Lehendakariak "behin eta berriz" markatutako politikarekin bat egin du Jaurlaritzak.
Gaur, El Pais egunkarian idatzi duen artikulu batean, Eguigurenek esan du Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak eskuinari enbarazu ez egiteko bidea hautatu duela terrorismoaren kontrako borrokan "ausardia faltagatik".
Hitz hauen aurrean, Idoia Mendiak adierazi du Jaurlaritzaren jarrera lehendakariak markatutakoa dela, "eta ez Eguigurenena". "Irmotasun demokratikoaren" alde agertu da Jaurlaritzaren bozeramailea.
Indarkeriaren amaiera lortzeko Jaurlaritzaren jarrera eta "Eguigurenek adierazitakoa" bat ez datozela berretsi du Mendiak.
Honen harian, Patxi Lopezen jarrera zein den gogoratu du Mendiak: "Ezker abertzaleak eman behar duen lehenengo urratsa da demokrazian, benetan, sartu nahi duela, argi eta garbi eta ekintzekin, erakustea; ondoren, epaitegiek Sorturen inguruan erabaki bat hartu behar dute".
ETAren aurkako politika Patxi Lopez lehendakariak erabakitzen duela gogoratu du Mendiak. PSOEren barruan Sorturi buruz egon daitezkeen iritzi ezberdinei buruz galdetuta, PSOEren baitan "adierazpen askatasuna " betidanik egon dela erantzun du.