Politika -
AUZITEGI NAZIONALA
Amurrion eta Gasteizen atxilotutako bi gazteak gaur igaroko dira epailearen aurretik
Auzitegi Nazionalaren aginduz, Ertzaintzak Aitor Zelaia eta Galder Barbado atxilotu zituen, ustez, 2014an eta 2015ean egindako kale borroka ekintzekin zerikusia dutelakoan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ertzaintzak atzo Amurrion eta Gasteizen atxilotutako bi gazteak (Galder Barbado eta Aitor Zelaia) ostiral honetan igaroko dira Auzitegi Nazionaleko epailearen aurretik.
Atzo mobilizazioak izan ziren Gasteizen eta Amurrion, atxiloketak salatzeko. Bien bitartean, Poliziaren ikerketak zabalik jarraitzen du.
Auzitegi Nazionalaren aginduz atxilotu zituen Ertzaintzak Aitor Zelaia (26 urte) Gasteizen eta Galder Barbado (25 urte) Amurrion, 2014an eta 2015ean egindako kale borroka ekintzekin zerikusia dutelakoan. Antza denez, 2018an Araban antzemandako eta armaz betetako zulo batekin ere lotzen dituzte.
Polizia operazioaren baitan, Delikako eraikin bat eta bi atxilotuen etxebizitzak miatu zituzten.
Galder Barbado 2016an ere atxilotu zuten Gazte Danbadako pankarta bat egiteagatik, indarkeria goratu izana egotzita.
Atzo, 19:00etan, protestak egin zituzten Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan eta Amurrioko plazan, Ernai gazte erakundeak deituta.
Sortuk, bere aldetik, Ertzaintzak bi gazteak atxilotzeko erabilitako argudio "lauso eta ez oso sendoak" salatu zituen.
Ertzaintzaren eta "Espainiako sistema judizialaren neurri bikoitza" deitoratu zuen Sortuk agiri batean, auzi hau eta iragan urtarrilean Amurrioko baserri baten aurka tiro egin zuen polizia ohiarena alderatuta.
Polizia ohia Amurrioko epaitegian deklaratu ondoren "aske" dagoen bitartean, ostegun honetan atxilotutako bi gazteak "Auzitegi Nazionalera eraman dituzte", alderdi abertzaleak salatu zuenez.
"Espainiako justiziaren izaera arbitrarioa agerian geratu da beste behin ere. Ertzaintzaren jarrerak kezkatzen du", azpimarratu zuen alderdiak.
Bi atxilotuak "berehala askatzeko" eskatu zuen. Atxiloketak "herri honek eraiki nahi duen bakearen eta elkarbizitzaren kontrako norabidean doaz", nabarmendu zuen Sortuk.
Zentzu horretan, "ETAk borroka armatua utzi zuenetik zazpi urte baino gehiago pasa dira, ia bi urte armagabetzea bukatu eta ia urte bat desegin zenetik", gogorarazi zuen.
"Ez da kartzelak betetzeko ordua, husteko baizik", adierazi zuen Sortuk.