Politika -
Estrasburgoko Auzitegia
Espainia zigortu dute Otegiren adierazpen askatasuna urratzeagatik
Otegik urtebete eman du kartzelan erregeari "torturatzaileen buru" deitzeagatik. 2003an izan zen Bizkaian eta egun batzuk lehenago, Egunkariako hamar langile atxilotu eta torturak salatu zituzten.
Erredakzioa
Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Espainia zigortu du Arnaldo Otegiren adierazpen askatasuna urratzeagatik. Urtebeteko kartzela-zigorra ezarri zioten Batasunako buru ohiari Erregea iraintzeagatik; "torturatzaileen burua" deitu zion.
Estrasburgoko Auzitegiaren epaiaren arabera, Espainiak 23.000 euro ordaindu behar dizkio Otegiri; 20.000 kalte moralengatik eta 3.000 prozesu-kostuengatik.
Torturen salaketa
Juan Carlos I. Erregea Bizkaian izan zen 2003an. Egun batzuk lehenago, Egunkariako hamar langile atxilotu eta torturak salatu zituzten. Epaitegi Gorenak erregea iraintzeagatik zigortu zuen Otegi eta ondoren, Epaitegi Konstituzionalak epaia berretsi zuen.
Egunkariako langileek salatutako torturei buruz ari zen ezker abertzaleko burua erregearen gainean honakoa esan zuenean: "Nola liteke Espainiako erregeari gaur Bilbon argazkiak egitea, Espainiako erregea Espainiako Armadaren buru gorena bada, hau da, tortura babesten duen torturatzaileen arduraduna eta tortura eta indarkeriaren bidez gure herriari bere erregimen monarkikoa inposatzen diona bada?"
2003an, Otegi Sozialista Abertzaleak alderdiko legebiltzarkidea zen eta urtebete eman zuen kartzelan, 2007ko ekainaren 8tik 2008ko abuztuaren 30era arte. 78.586 euroko kalte-ordaina eskatu zion Otegik Estrasburgoko Auzitegiari, espetxean egon zen bitartean, legebiltzarkideei dagokien "ordainsaria" jaso ez zuelako.
"Iritzi bat zen"
Estrasburgoko epaian jasotzen denez, adierazpen askatasunaren eskubidea "preziatua" da guztientzat, baina are gehiago "herriak aukeratutako kargudun batentzat", 2003an legebiltzarkidea zen Otegi.
Otegiren hitzak "zirikatzaileak" zirela onartu badute ere, "guztien intereseko eztabaida publikoan parte hartzen duen edonori" noizbehinka "gehiegikeriak" onartu behar zaizkiola gaineratu dute.