Politika -
Ezker Abertzalea
Sortu 'berehala' legeztatzea exijitu dute sindikatu abertzaleek
ELA, LAB, STEE-EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek dokumentu bat adostu dute, Sorturen legeztatzea eskatzeko. Alderdi berriaren estatutuek legea betetzen dutela berretsi dute.
Erredakzioa
Sortu, ezker abertzalearen alderdi berria, legeztatzea exijitu diote gaur ELA, LAB, STEE-EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek Espainiako Gobernuari. Sindikatu abertzaleen ustez, Sorturen estatutuek ''Legea bete egiten dute''.
Sindikatu hauek adostutako dokumentuaren arabera, Sortu legeztatzea ''herri honetako gehiengo politiko, sindikal eta sozialaren exijentzia da. Besterik gabe, eskubide eta betebehar demokratiko bat da, adierazpide politikorik gabe dagoen euskal gizartearen sektore horrekin, hain zuzen'', gaineratu dute.
Horren harian, Alderdi Politikoen Legea bertan behera uzteko exijitu dute. Sindikatu abertzaleen ustez, herritarren ''kriminalizazio kolektiboa'' eragin du lege horrek eta ''euskal gizartearen adierazpide politiko bat ezabatzeko'' erabili dute.
''Lege hori salbuespen-estatu bati dagokio, eta zuzenbide-estatu demokratiko batean ez dauka tokirik'', esan dute Bilbon egindako agerraldian.
Bost sindikatu abertzaleek gaitzetsi egiten dituzte ''ikusten ari garen diskurtso eta maniobra politikoak''. ''Estatuak berak alderdi bat legeztatzeko beharrezko eta nahikotzat ezarri zituen baldintzak orain anekdota bihurtu dira. Horrek esan nahi du eurentzat, benetan, berdin dela Sortuk legea betetzea ala ez'', gaineratu dute.
Sozialisten eta popularren ''interes ilun batzuk ezkutatzea'' da Alderdien Legearen xedea, sindikatu horien esanetan.
''Ezin da esan herri hau normalizatuta dagoenik bertoko joera politiko batek, bakarra izanagatik ere, ez hauteskundeetan ez erakundeetan parte hartzeko aukera bermatuta ez duen artean'', salatu dute.