Politika -
Lau atxiloketa Frantzian
Jendarme baten heriotza egotzi dio Frantziak atxilotutako bati
Barne Ministerioak baieztatu duenez, lau atxilotuen artean Alejandro Zobaran ETAren komandoen usteko burua eta Mikel Oroz lehergailu hornikuntzaren arduraduna daude.
Erredakzioa
Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak identifikatu egin ditu dagoeneko bart Frantziako iparraldean Alejandro Zobaran Arriola Xarla ETAko komandoen ustezko buruarekin batera atxilotutako hiru pertsonak.
Hain zuzen ere, aipatu iturrien arabera, hiru atxilotutak honakoak dira: Mikel Oroz Torrea ETAren lehergailuen ustezko burua; Urko Labaka eta Iban Saez de Jauregi.
Atxilotu zituzten etxean, Frantziako Poliziak pistolak eta txostenak atzeman ditu.
Operazio honen ostean, Poliziak desegintzat jo du ETAren buruzagitza militarra.
Barne Ministerioaren esanetan, Mikel Oroz Torrea ETAren logistika taldeko burua da. 31 urtekoa da eta eskarmentu handia dauka lehergailuen fabrikazioan eta garraioan.
1979ko apirilean jaio zen, eta duela bi urte ihes egin zuen. Kale borrokan aritu zen hasieran, eta ETAren hainbat taldetan egon eta antsietate krisi bat jasan eta gero, Frantziara alde egin zuen.
Iban Saez de Jauregi Kadizen jaio zen 1977an, eta Zobaranen eta Orozekin batera, ETAko kide bilatuenen zerrendan agertzen da.
Bere aldetik, Urko Labaka Larrea ihes eginda zegoen 2010eko ekainetik. Orduan, zita zeukan Auzitegi Nazionalean, Segiko beste 17 kiderekin batera epai zezaten, baina ez zen agertu.
Fiskalak zortzi urteko espetxe zigorra eskatu zuen harentzat, kale-erasoak egiten zituzten hainbat taldetako kide izatea egotzita.
Frantziako justizia ministroak adierazi du atzo atxilotutako ustezko ETAko kideetako batek zerikusia izan zuela Jean Serge Nerin jendarmearen hilketarekin, baina ez du argitu zein den.
Ibilgailuak lapurtzen ari zen ETAko kide talde batek hil zuen Nerin iazko martxoan eta hilketa horrengatik auziperatuta daude baita Mikel Karrera, Arkaitz Agirre-Gabiria eta Joseba Urbieta.
Atxiloketak, Frantziako iparraldean
Operazioa Pas de Calaiseko (Frantziako iparraldean) departamentuan egin dute, Boulancourt herriko etxe batean, Belgikako mugatik gertu.
Aipatu iturrien hitzetan, atxilotuak landetxe batera hurbildu ziren, ikasle espainiarrak zirela eta ibilgailu bat alokatu nahi zutela adierazita. Atxilotuek esandakoa zalantzagarri iruditu zitzaion etxearen jabeari eta Poliziari deitu zion. Gerora, Poliziak jakin ahal izan zuen taldeak bi ibilgailu zituela eta horietako baten matrikula faltsututa zegoela. Frantziako Polizia Polizia Judizialarekin harremanetan jarri zen, eta atxiloketei ekin zieten.