Politika -
'Xala'ren atxiloketa
Lehendakariak adierazi du 'positiboa' dela Sorturen azken agiria
Patxi Lopezek nabarmendu du ezker abertzaleak ez zuela inoiz errefusatu atentatu bat. Bestalde, ETAko ustezko buru militarraren atxiloketa albiste "zoriontsua" dela gaineratu du.
Erredakzioa
Sortuk bere aurkako atentatu saiakera errefusatu izana ere hizpide hartu du: "Positiboa dela uste dut, lehen aldia izan da ezker abertzaleak atentatuak edo ''kale borroka'' ekintzak errefusatu dituena".
Hori dela eta, lehendakariak iritzi dio demokratak "pozik egoteko moduan" daudela, presioak eta ''zero tolerantzia''ren politikak "mugitzera" behartu dutelako "mundu hori".
Antonio Basagoiti Euskadiko PPko presidentea ezkor agertu dela eta, Lopezek esan du alderdi horren jarrera "estrategikoa" izan litekeela.
"Nik sinesgarritasuna eman nahi diet [Sortukoei], politika egin nahi badute demokraziaren bidea baino beste aukerarik ez dutela barneratu diegu", azpimarratu du.
ETAren ustezko buru militarraren atxiloketa
Patxi Lopez lehendakariak adierazi du Alejandro Zobaran Arriola Xarla ETAko ustezko buru militarraren eta erakunde terroristako beste hiru ustezko kideren atxiloketa albiste "garrantzitsua" eta "zoriontsua" dela, beste urrats bat baita ETAren behin betiko amaierarako bidean.
"Albiste garrantzitsua eta zoriontsua da, beste terrorista bat atxilotzea beste urrats bat baita gero eta ahulago dagoen erakunde horren behin betiko amaierarako bidean", esan du, hain zuzen ere, RNE irrati-katean.
Gasteizko Gobernuko buruak gogorarazi du ETA ez dela desagertu, "su-etena" iragarri baino ez duela egin, eta Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak argi utzi zutela ez zutela terrorismoaren aurkako borroka leunduko. "Eta erakusten ari gara", gaineratu du.