Politika -
Espainiako Gobernuari
'Errepresioarekin eta atxiloketa politikoekin' bukatzeko exijitu dute
Hala eskatu diote Espainiako Gobernuari Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, Torturaren Aurkako Taldeak, ezker abertzaleak, Alternatibak, EAk, LABek, HIRUk, EHNEk, ESKk eta STEE-EILASek.
Erredakzioa
Espainiako Gobernuari "errepresioarekin bukatzeko" eta "atxiloketa politikorik" ez egiteko exijitu diote gaur Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, Torturaren Aurkako Taldeak, ezker abertzaleak, Alternatibak, EAk, LABek, HIRUk, EHNEk, ESKk eta STEE-EILASek.
Eragile guzti hauetako ordezkariek manifestu bat sinatu dute, Espainiako Gobernuari "bake eszenatoki batera eta demokraziari begira" aurrerapausuak emateko eskatuz.
Talde hauetako ordezkariek eta iragan astean atxilotutako ustezko ETAko kideen familiarrek agerraldia egin dute Bilbon, "torturekin behin-betiko bukatzeko" exijituz.
Eragileek sinatutako dokumentua Roberto Noval Amnistiaren Aldeko Mugimenduko ordezkariak eta Ane Ituiño Torturaren Aurkako Taldeko bozeramaileak irakurri dute.
Manifestuan aipatzen dutenez, "konponbide demokratikoaren alde lanean" jarraitu dute, eta "bide horretan, atxiloketekin eta torturekin bukatu" egin behar dela salatu dute.
Helburu honekin, Euskal Herriko erakundeetara joko dutela adierazi dute, "torturekin bukatzeko beharrezko neurriak eskatzeko". Horrez gain, nazioarteko eragileei ere tortura salaketak igorriko dizkiete, tartean Nazioarte Harreman Taldeari.
Horrez gain, datorren astelehenean, hilak 14, egingo dituzten elkarretaratzeak iragarri dituzte. Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako hiriburuetan egingo dituzte, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzen aurrean.