Politika -
Komunikatu batean
Estatuak 'oztopoak' jartzea salatu du ezker abertzaleak
ETAko ustezko kideen azken atxiloketei eta Gasteizen izandako kale-indarkeria ekintzei buruz ez du iritzirik eman ezker abertzaleak.
Erredakzioa
Estatua "behin eta berriz oztopoak" jartzen ari dela salatu du ezker abertzaleak, Euskadin "garai politiko berri bat zabaltzen ari denean". Estatuko Abokatutzak Sorturen aurka egiteak Estatuaren jarrera argi uzten duela uste du ezker abertzaleak.
Sorturen aurkako neurrien inguruan bere iritzia azaldu du ezker abertzaleak komunikatu batean, baina ETAko ustezko kideen azken atxiloketei eta Gasteizen izandako kale-indarkeria ekintzei buruz ez du txintik esan.
Sorturen aurkako prozedurari buruz, Estatuak "beste behin ere" bere jarrera "oztopatzailea" agerian utzi duela uste du ezker abertzaleak, nahiz eta mugimenduak egoera politiko berri bat "sortu".
Gernikako Akordioa
Ezker abertzaleak azken hilabeteetan emandako pausoek "egoera politiko berri bat sortu dute" Euskadin, oharraren arabera. "Agente politikoek, sindikatuek eta elkarteek ausart jokatu dute, eta gatazka politikoa konpontzeko aurrerapausoak eman dituzte, Gernikako Akordioak argi uzten duen bezala", erantsi du ezker abertzaleak.
Hala ere, pauso horien aurrean, "Estatuak behin eta berriro oztopoak jarri ditu". "Hala eta guztiz ere, azken hilabeteetan egindako apustuaren alde sakontzen jarraituko du ezker abertzaleak, eta Estatuaren erasoen aurrean lerro politikoa garatzen jarraituko du", gaineratu du.
Ezker abertzaleak mobilizazioak deitu ditu biharko, ''Orain, legalizazioa'' lelopean. "Espainiako Estatuaren jarrera aldatzeko" herritarrei mobilizazioetan parte hartzeko dei egin die ezker abertzaleak.