Politika -
ETAren biktima
Puellesen alarguna: 'Hiltzaileak hil arte egon behar dira kartzelan'
Astelehen goizaldean atxilotutako ETAko ustezko lau kideek Eduardo Puelles polizia-inspektorearen hilketan parte hartu zutela uste du Guardia Zibilak.
Erredakzioa
Senarraren ustezko hiltzaileak "hil arte espetxetik ez ateratzeko" eskatu du gaur Francisca Hernandez Eduardo Puelles polizia-inspektorearen alargunak. "Biziarteko espetxe-zigorra da eskatzen dudan gauza bakarra", erantsi du.
Astelehen goizaldean atxilotutako ETAko ustezko lau kideek Puellesen hilketan parte hartu zutela uste du Guardia Zibilak.
Bere eskaera "krudela" suerta daiteke askorentzako, baina berari eta bere familiari bizitza "hondatu" dietela gogorarazi du Franciscak.
"Nire senarrari epaiketarik gabe heriotza-zigorra ezarri zioten. Nire semeak aitarik gabe bizitzera zigortu dituzte, epaiketarik gabe, eta niri tristura, bakartasuna eta samin ikaragarri bat izatera zigortu didate. Eta ez digute epaiketarik egin. Hala ere, beraiei epaiketa egingo diete", azpimarratu du.
Egindakoagatik ordaintzea nahi duela errepikatu du Franciscak. "Hiltzaileak dira eta hiltzaileak giltzapeturik egon behar dira. Besterik gabe", gaineratu du.