Politika -
Ikerketa
ETAren 16 atentatu leporatu dizkie Guardia Zibilak atxilotuei
Besteak beste, asteartean atxilotu zituzten ETAko kideei Eduardo Puelles polizia eta Luis Conde Brigada hiltzea egotzi dizkie poliziak.
Erredakzioa
Asteartean Bizkaian atxilotu zituzten ETAko ustezko kideei Eduardi Puelles Espainiako Poliziako ikuskaritza arduradunaren eta Luis Conde Brigada militarraren hilketak leporatu dizkio Guardia Zibilak, albiste agentzien arabera.
Terrorismoaren aurkako iturriek albiste agentziei aipatutakoaren arabera, atxilotuetako batek Guardia Zibilari onartu egin dio atentatuetan parte hartu izana.
Poliziak leporatutako atentatu guztiak lehergailuak erabiliz egin ziren, hiru urteko epean, Bizkaian eta inguruko herrialdeetan.
Guardia Zibilaren arabera, ETAren ''Otazua'' taldeak hil zuen 2009. urtean Eduardo Puelles inspektorea, auto azpian lapa bonba jarrita.
Santoñako kuartelaren aurrean eztanda egin zuen bonba-autoa ere talde honi leporatu dio Guardia Zibilak. Erasoa 2008. urtean izan zen, eta Luis Conde Brigada hil zen bertan.
2007an, Bilboko Abusu auzoan, Gabriel Giner bizkarzainaren aurka izandako atentatua ere iragan asteartean desegindako ETAko taldearen ekintza izan zela uste du poliziak, baita Burgoseko Guardia Zibilaren eraikiaren aurkako erasoa ere. Orduan 65 lagun zauritu ziren.
Orotara 16 atentatu egotzi dizkiete asteartean atxilotutako ETAko ustezko kideei.