Politika -
Gabon zahar eguneko mezua
Urkullu: 'Euskadin mikroklima politiko positiboa eta eraikitzailea dago'
Urkulluk hiru sentimendu partekatu ditu: zailtasunek eragindako kezka, arazoei aurre egiteko Euskadik duen ereduaren estimua eta gizartea hobetzeko egin beharreko ahaleginaren beharra.
EiTB.EUS
Gabon zahar eguneko mezuan, Iñigo Urkullu lehendakariak esan du orain arte egindako bidearen inguruan hausnartzeko eta helburu berriak finkatzeko unea dela.
Ildo horretan, Urkulluk hiru sentimendu partekatu nahi izan ditu euskal herritar guztiokin: bidean agertzen diren zailtasunek eragindako kezka, arazoei aurre egiteko Euskadik duen erantzuteko ereduaren estimua eta etorkizun hurbilean gizartea hobetzeko egin beharreko ahaleginaren beharra.
Lehenengo puntuari dagokionez, nazioarteko eta Europako errealitateak, Estatuko egoera politikoa eta gure inguruan aurkitzen ditugun zailtasunak izan ditu hizpide.
“Hurbiletik bizi ditugu familia askoren arazoak, krisiari buelta eman ezinda dauden pertsonen ardurak”, esan du. Horregatik, beharrezkotzat jo du bidean aurkitzen ditugun zailtasun horiei erantzuna ematea.
Bigarrenik, Urkulluk nabarmendu du arazoei aurre egiteko kultura ezberdin bat eratzen ari dela Euskadi; alegia, errespetuan, moderazioan, elkarrizketan, konfiantzan eta akordioan oinarritutako eredu berri bat, "emaitzak eman dituen eredu ezberdin bat", lehendakariaren hitzetan.
“Euskal mikroklima politikoa positiboa eta eraikitzailea da. Politikaren helburua ez da arazoak sortzea, horiei irtenbidea ematea baizik. Ez ditugu tentsioa eta liskarrak onartuko. Arazoei aurre egin behar diegu, egiazko konponbideak emanda eta betiere elkarlana bultzatuta”, gaineratu du.
Azkenik, “guztion mesederako” eta erronka berriei erantzun ahal izateko, auzolanaren aldeko apustua egin du.
Gainera, 2018an jazotako hiru gertakari garrantzitsu ekarri ditu gogora: “ETA behin-betiko desagertzea, genero indarkeriaren aurkako borroka eta langabezia % 10etik behera kokatzea”. Halere, lanean jarraitzeko beharra azpimarratu du.