Politika -
Operazioa Bilbon eta Galdakaon
Ares: 'Sortuk aukera paregabea du ETAren aurkako jarrera zehazteko'
Herrizaingo sailburuaren esanetan, Sortuko kideek "jakin badakite" Guardia Zibilak ETAko lau ustezko kide atxilotu eta gero "adierazpenen bat" egin beharko dutela sinesgarri izan nahi badute.
Erredakzioa
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak adierazi du Sortuk "aukera paregabea" duela "ekintza terroristen aurkako jarrera" zehazteko, Guardia Zibilak ETAko lau ustezko kide atxilotu dituela eta.
Gobernu bileraren ostean egindako agerraldian, Aresek ohartarazi du Sortuko kideek jakin badakitela "adierazpenen bat" egin beharko dutela orain "sinesgarri izan nahi badute", eta gaur Euskadin pertsona asko "askeago" sentitzen direla gaineratu du.
Halaber, sailburuak zoriondu egin du Guardia Zibila, eta operazioa garrantzitsutzat jo du, "beste pauso bat baita ETAren amaierarako bidean" eta "argi" uzten baitu Segurtasun Indarrak "ez daudela tregoan".